Olinpiakos 76-90 Baskonia

Garaipen garrantzitsua lortu du Baskoniak Pireon

Erredakzioa 2020ko azaroaren 27a

Henry antolatzailea izan zen partidako jokalari nabarmenduena. / Baskonia.com

Bere ibilbidean laugarrenez lortu du Pireon garaipena talde gasteiztarrak.

13 urte behar izan ditu Baskoniak Olinpiakosen kantxan berriz ere garaipena lortzeko. 'Bakearen eta Adiskidetasunaren' kantxa beti izan da eremu arrotza gasteiztarrentzat, baina atzo iluntzean merezimendu osoz lortu zuten garaipena.

Ivanovicen mutilek hasiera ezin hobea eman zioten lehiari eta markagailuan erraz lortu zuten aldea irekitzea. Defentsa bikaina garatuz eta erasoan joko bizia erakutsiz erakustaldia eman zuen Baskoniak lehen zatian (31-47).

Bigarren zatian, greziarrek aurrerapausoa eman zuten eta pixkanaka markagailuan aldea murrizten joatea lortu zuten. Partida bukaera parekatu bizi behar zela zirudienean, Baskoniak beste behin astindu bat eman zion markagailuari eta partida puskatzea lortu zuen.

Azken lau jardunaldietan hiru garaipen lortu ostean, sasoiko dago Baskonia Euroligan eta dagoeneko begiz jota dauka hurrengo norgehiagoka.

Asteazkenean, Madrilen izango dute partida gasteiztarrek (21:15), eta ostiralean bertan Turkiako hiriburuan jokatuko dute partida Anadolu Efesen aurka (18:30).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago