Lan istripuak

Bi garraiolari hil dira Araban azken zazpi egunetan

Erredakzioa 2020ko aza. 26a, 12:44

Artxiboko irudi bat. / PIXABAY

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, azken egunetan garraioaren sektoreko bi langile hil dira Araban. Urte hasieratik, 63 behargin hil dira Euskal Herrian; horietatik, 11 garraiolariak dira eta 15 Araban hil dira.

Asteazken honetan, hilaren 25ean, garraiolari bat oso gaixorik topatu zuten Gasteizko parkin batean. Ospitalera eraman zuten eta bertan hil egin zen. Gainera, ez da azken zazpi egunetan Araban hildako garraiolari bakarra: azaroaren 18an, beste garraiolari baten hilotza topatu zuten bere kamioiaren kabinaren barruan, Araiako zerbitzu eremuan.

LAB sindikatuak "babes eta elkartasunik zintzoena" adierazi die hildakoen senitarteko eta gertukoei. Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat deitu dute Gasteizen datorren astelehenean, azaroaren 30ean, 11:30ean SEAren egoitzaren aurrean, Correos plazan.

Urte hasieratik, lanean edo lan istripuz, gutxienez 63 langile hil dira Euskal Herrian; horietatik, 11 garraiolariak izan dira eta 15 Araban hil dira. Gainera, LAB sindikatuak gogorarazi duenez, Joaquin Beltranek desagerturik jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian, otsailaren 6tik.

Euskal gehiengo sindikalaren lan istripuen aurkako mobilizazio bat. / ALEA

 

Garraiolarien prekarietatea

"Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira", ohartarazi du LABek. Azaldu dutenez, garraiolariek askotan ez dute babes egokirik lan istripu eta lan gaixotasunen aurrean. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak dira, eta, gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen.

LAB sindikatuaren ustez, administrazioek "beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren". Azaldu dutenez, garraiolarien lan istripu gehienek errepideetako merkantzien garraioak "urte luzez" pairatzen daraman "prekarietatea eta desarautze basatia" agerian utzi dute.

Gainera, garraiolarien "eskubide eza" ere nabarmendu du sindikatuak: "Lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte; beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartzen dituzte", azaldu dute. Guzti horiei gehitu behar zaie muturreko tenperatura, errepideen egoera negargarria eta eguraldia.

Arrazoi horiek guztiek, LABen ustez, garraiolarien lana "modu seguru eta duinean" egitea oztopatzen dute, eta euren bizitzak arriskuan jartzen dituzte; eta Administrazioari leporatu diote "behin eta berriz ezkutatzen saiatzea, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago