Aldundiek zerga neurri berriak onartu dituzte, kaltetutako sektoreei laguntzeko

Erredakzioa 2020ko aza. 24a, 12:38
Arabako Foru Ogasunaren eraikina, Felix Maria Samaniego kalean. / ALEA

Foru aldundiek enpresa txikiei, autonomoei eta lan erregulazio espedienteek eragindako langileei laguntzeko zerga neurri berriak onartu dituzte. Besteak beste, langile kaltetuenentzako zerga arintzeak handituko dituzte.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek 2021 urtera luzatu dituzte Covid-19aren pandemiak gehien eragin dien zergadunei laguntzeko hartutako zerga alorreko neurriak. Horretarako, aldundi bakoitzak bere gobernu organoan onartuko du martxotik martxan jarri diren neurri gehienak datorren urtera luzatzea.

Hiru foru aldundiek ostegun honetan egingo den Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoaren hurrengo bilerara eramango dituzte neurriak, eta, ondoren, datorren abenduaren 1ean onartzea aurreikusten dute, erakunde bakoitzak egingo duen diputatuen kontseiluetan.

Erabaki horiek batez ere autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki zein ertainak babestea dute helburu. Gainera, Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari (PFEZ) dagokionez hainbat neurri berri hartzea adostu dute:

  • 2020 eta 2021 urteetan PFEZaren aitorpena aurkezteari dagokionez, hiru lurralde historikoetan 12.000 eurotatik 14.000 eurotara igo da aitorpena derrigorrean aurkezteko muga. Aldi berean, 20.000 euroko muga ezartzen da ordaintzaile bat baino gehiago dauden kasuetarako; betiere, bigarren eta gainerako ordaintzaileen partetik jaso diren kantitateak urteko 2.000 euroak gainditzen ez dituzten bitartean.
  • 2020 eta 2021 urteetarako baita ere, PFEZan salbuetsita geratzen dira Administrazio publikoek pandemiaren testuinguruan langile autonomoei emandako ezohiko hainbat dirulaguntza, beraien jarduera bertan behera utzi, gelditu edota larriki kaltetu izanaren ondorioz.
  • Covid-19aren ondorioz aldi baterako edo ohiko lan erregulazio espediente egoeran dauden eta 2020 eta 2021 urteetan beraien BGAE hilabetekako modalitatean erreskatatzen duten pertsonek berreskuratu duten kantitatea %75ean integratuko dute beraien oinarri likidagarrian.
  • Langile autonomoak salbuetsita egongo dira 2020ko laugarren hiruhilekoko PFEZko ordainketa zatikatua ordaintzeaz; normalean urtarrilean egiten da, baina, horrela, jarraipena ematen zaio urteko lehen hiruhilekotan ezarritako salbuespenari.

Bestalde, hiru foru aldundiek 2021eko apirilera edo maiatzara arte ezarri dute ezohiko gerorapenen erregimen, bermerik eta interesik gabea, zerga zorrak ordaintzeko. Ezohiko gerorapen hau jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonek, mikroenpresek eta enpresa txikiek eskatu ahal izango dute. Zorraren ordainketa atzeratzeko aukera emango da, eta zenbateko berdina izango duten hileroko sei kuotatan zatikatuta itzuli beharko da.

Luzatzen diren beste neurriak

Gainera, bestelako neurri batzuk ere luzatuko dira, krisiak gogorren kolpatu dituen sektore eta kolektiboei babes ekonomikoa eta bultzada emateko. Esaterako, PFEZaren kasuan, luzatu egingo dira zerga hobariak jasotzeko epeak honako kasu hauetan: ohiko etxebizitzaren erosketa, Etxebizitza Kontuan aurreztutako kantitateak gauzatzea, edota berrinbertsioa ohiko etxebizitzaren transmisioagatik.

Horrekin batera, 2021 urtera luzatuko da amortizazio azeleratua egiteko aukera eta ezohiko irabazien berrinbertsioa, Sozietateen gaineko Zergan. Epigrafe horretan, datorren urtean ere mantendu egingo da enplegua sortzeagatik martxan jarritako kenkaria. Neurri honek hobariaren gehienezko muga 7.500 eurora arte igotzen du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide