Gazte Talent lehiaketaren seigarren edizioak baditu finalistak

Erredakzioa 2020ko aza. 23a, 16:35
Jon Vazquez 'X' rap abeslariaren 'Infernuko atea' bideokliparen irudi bat. / X

Jimmy Jazz elkarteak Gazte Talent 2020 musika lehiaketaren finalistak aurkeztu ditu: Negra Cucaracha, Melophilia, Stupid Gallos, Maverick Keys, Memphis eta X taldeak oholtza gainean arituko dira abenduaren 3an eta 4an.

Gazte Talent lehiaketaren seigarren edizioak azaroaren 13an agortu zuen lanak aurkezteko epea, eta dagoeneko plazaratu dituzte oholtza gainean arituko diren sei talde finalistak. Adinaren arabera, bi kategoria daude, eta, hasieran hamar talde izatea aurreikusita zegoen arren, osasun egoeragatik eta indarrean dauden neurri murriztaileengatik, kategoria bakoitzeko hiru finalista baino ez dira aukeratu.

Hortaz, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzako Gazte Talent sariaren finala abenduaren 3an izango da, Negra Cucaracha, Melophilia eta Stupid Gallos taldeekin. Bestalde, 25 eta 35 urte bitartekoentzako Gazte Talent Laboral Kutxa sariaren finala hilaren 4an izango da, Maverick Keys, Memphis eta X taldeekin. Musikako profesionalek osatutako epaimahaiak erabakiko ditu irabazleak.

Antolatzaileek azaldu dutenez osasun egoeraren arabera egokituko da finalen formatua. Hala ere, finalak Jimmy Jazz aretoan egingo dira, eta emanaldiak aurrez aurre ikusteko aukera egongo da.

Jimmy Jazz elkarteak, Gauekoak, Laboral Kutxa, Araba Euskaraz eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, urtero antolatzen du Gazte Talent musika lehiaketa, eta Arabako Lurralde Historikoan zein Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Sariak

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Laboral Kutxa Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andra Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.

Sei talde

Negra Cucaracha, Melophilia, Stupid Gallos, Maverick Keys, Memphis eta X taldeak dira Gazte Talent lehiaketako seigarren edizio honetan oholtza gainean arituko direnak. Talde horien lanaren lagin bat bildu dugu:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide