Alaves 2 - Valentzia 2

Puntu banaketa Alaves eta Valentziaren arteko neurketan

Ibon Gorrisi 2020ko aza. 23a, 07:18
Alavesek galdu gabe jarraitzen du. / LA LIGA

Talde arabarrak lehen zati oso ona jokatu du, baina bigarrenean behera egin du.  

Alaves

2

Valentzia

2

Ari da, ari da Alaves puntuak batzen. Azken boladan liga hasiera kaxkarrari buelta eman dio eta azkeneko sei partidetan bakarra galdu du. Horrek esan nahi du bide onean ari dela baina oraindik pitin bat falta zaio garaipenak lortu ahal izateko. Valentziaren aurka bina berdindu du eta azken minutuetan asko sufritzea tokatu zaio.

Lehen zatian talde arabarra jaun eta jabe izan da. Gainera partida hasi eta bigarren minutuan aurrea hartu du markagailuan Ximo Navarrok egindako golari esker. Gol horrek indarra ikaragarria eman dio taldeari. Gol aukera asko sortu ditu eta 15. minutuan bigarren gola etorri da. Epaileak, dudarik gabe, etxeko taldearen aldeko penaltia adierazi du. Guillamón taldeak Ximo Navarro trabatu egin du eta epaileak ziztu bizian hamaikako puntua adierazi du. Lucas Perezek ez du zalantzarik izan eta saretara bidali du baloia.

Gauzak erabat bideratuta zeudela eta taldeak, aspaldiko partez, garaipena lortuko zuela ematen zuen. Baina partidaren nondik norakoa erabat aldatu da bigarren zatian. Javi Graciak egindako aldaketek etekin ezin hobea eman diote. Valentzia taldea goitik behera aldatu da. Argitasunik gabeko taldea izatetik erasokorra izatera pasa da. Guedes eta Vallejo jokalariek bizitasuna eman diote taldeari. Azken honek 2-1koa jarri du markagailuan 72’. minutuan. Bigarrena berehala ailegatu da 77’. minutuan Guillamónek berdinketa jarri du markagailuan.

Hortik aurrera, talde babazorroari sufritzea tokatu zaio. Ikaragarri sufritzea tokatu zaio. Horrez gain, epaileak neurketa zortzi minutu luzatzea adierazi du, beraz, sufrikarioa areagotu egin da. Taldeak erabat hautsita bukatu du. Hori dela eta, esan genezake puntua eskertzekoa dela.

Dena den, taldeak galdu gabe jarraitzen du eta hori ere oso garrantzitsua da. Hurrengo neurketa zaila izango da Madrilen aurka datorren larunbatean, azaroak 28, gaueko 21:00etan. Ea taldeak bide onean jarraitzen duen!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Rubén Duarte; Luis Rioja, Tomás Pina, Battaglia, Jota (55’. Manu García); Lucas Perez (71’ Guidetti), Joselu (71’. Borja Sainz).

    • Txartel horia: 36’. Lejeune.

  • Valentzia: Doménech; Wass, Gabriel, Guillamón, Gayá (93’ Lato); Musah, Racic, Carlos Soler, Cheryshev (57’. Vallejo); Lee Kang-In (57’. Guedes), Gameiro.

    • Txartel horia: 52’. Guillamón.

Golak

  • 1-0: 2’. Ximo Navarro.
  • 2-0: 15’. Lucas Perez (penaltiz).
  • 2-1: 72’. Vallejo.
  • 2-2: 77’. Guillamón.

Mendizorrotzeko futbol zelaiko harmailak

Hotza, tenperatura sei gradukoa izan da. Ohi bezala harmailak hutsik. Ordezkoen jokalariak sakabanaturik eta musukoarekin izan dira. Valentziak egindako bi goletan epaileak VAR-en laguntza behar izan du. Horrez gain, beste bi jokaldietan erabili du. Batean gola ez emateko etxeko taldeari eta bestean Valentziaren aldeko penaltia ez adierazteko.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Aukera paregabea bide onean jarraitzeko. Ondo legoke 2-0ko emaitza lortzea. Garaipena lortuz gero gora begira jarriko gara. Garrantzitsua da hiru puntuak lortzea. Ez galtzea ondo dago baina irabaztea ezinbestekoa.
  • Beno, ohiko hamaikakoa. Ea hasiera ona ematen diogun.
  • Goooooooooooool. Hori da hori Ximo Navarro!! Hau da hau hasiera bikaina ematea partida bati. Lehendabiziko kornerrean gola. Ezin hobeto.
  • Ondo, oso ondo ari da taldea. Badirudi une batetik bestera bigarrena etorriko dela.
  • Goooooooooooool. Lucas Perez bikain. Oso ondo ari da taldea. Partida bideratuta, orain taldea sendo aritu behar da defentsan.
  • Aspaldiko partez, taldeak jokatu duen lehen zatirik onena. Ondo jokatu eta gainera golak lortu.
  • Orain bigarren zatian eustera eta ea posible den hiru puntuak eskuratzea.
  • Taldea atzean sartzen ari da. Hori arriskutsua izan daiteke. Ikusiko dugu. Valentziak lehen zatian ez du gauza handirik egin baina goi mailako jokalariak ditu aurrealdean eta edozein unetan gola egiteko gauza dira.
  • Esanak esan, Valentziaren gola. Bazetorrela bazetorrela eta azkenean etorri da. Ea eusten diogun 2 eta 1ko markagailuari.
  • Taldeak beherakada nabarmena izan du. Uff, galtzak bete lan.
  • Baina jokoz kanpo ematen du. Ez, ez Battaglia metro bat atzerago. Bina markagailuan. Hau pena! Hau pena!
  • Gainera, zortzi minutuko luzapena. Luzeak, luzeak. Hau sufrikarioa! Hau sufrimendua! Ufff! Ea neurketa lehenbailehen amaitzen den! Erabat hautsita dago taldea. Ordua, ordua.
  • Amaitu da. Eskerrak, eskerrak! Hurrengo Madril taldeari irabazi behar.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide