Zigor Bravo euskal preso gasteiztarra Burgosera mugituko dute

Erredakzioa 2020ko azaroaren 20a

Burgosko espetxera eramango dute Zigor Bravo gasteiztarra. IIPP

Beste lau preso Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara eramango dituzte, eta Emilio Salaberriari hirugarren gradua emango diote.

Espainiako Gobernuaren menpeko Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du Emilio Salaberria euskal presoari hirugarren gradua emango diotela eta beste bost preso –Egoitz Koto, Angel Lopez Anta, Aitor Olaizola, Zigor Bravo eta Gregorio Vicario– Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara mugituko dituztela.

Guztiak dira EPPK-ko presoak, eta denak daude espetxean ETAko kide izatea leporatuta hainbat delitu egiteagatik. Espetxe Erakundeek jakinarazi dute egindako mina aitortu dutela eta indarkeriari uko egin diotela. Ohi bezala, kondena oso aurreratuta duten presoak dira, eta kasu batzuetan baldintzapeko askatasunean egon beharko lukete, zigorraren hiru laurdenak bete dituztelako.

Zigor Bravo Saez de Urabain gasteiztarraren kasuan, 2006. urtean atxilotu zuten azkenekoz, eta Teixeiroko (A Coruña, Galiza) espetxean zegoen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago