Haurren premiazko harrera egiteko familiak behar dira Araban

Erredakzioa 2020ko aza. 19a, 19:07

6 urte arteko haurren urgentziazko harrera egiteko 10 familia bilatzen ari da Arabako Foru Aldundia. Kanpaina bat abiarazi du babesgabetasun egoeran dauden adingabeei buruz sentsibilizatzeko.

"Euren bizi garapenaren hain funtsezko une batean haur horiek egoitza baliabide batean bizi behar ez izateko", 2021ean premiazko harrera egiteko prest dauden 10 familia behar dira Araban, aste honetan Aldundiak jakinarazi duenez. "Urgentziazko harrera lehen mailako premia da gure lurraldean", ohartarazi du Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak.

Izan ere, babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeen harrera konpromisoa hartzeko prest dauden familiak aurkitzeko kanpaina bat aurkeztu du Aldundiak. Solarekin batera izan dira Rosalen Sanchez Arriola, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Familia Harrera eta Adopzio Unitatearen burua, eta Itziar Martinez de la Hidalga, harrerako ama; azken horrek bere esperientziaren berri eman du aurkezpenean.

Besteak beste, Baduzu zer eman, egin harrera izenburuko bideo bat plazaratu dute. Bertan, Arabako Familia Harrerako Programa (Paafa) osatzen duten hamar guraso dira protagonista. Lehen eskuko kontakizunetik abiatuta, beste familia batzuk gonbidatu nahi izan dituzte euren etxeak premian dauden haurrekin partekatzera.

 

Nola hurbildu familia harrerara?

Egitasmoan parte hartu eta familia harrerara hurbildu nahi duen pertsona oro foru programak hilero Gasteizen egiten dituen informazio hitzaldietara joan daiteke. Hurrengo topaketa datorren astelehenean izango da, azaroaren 23an, San Prudentzio Fundazioaren egoitzan; Dato kaleko 43. zenbakian.

Nolanahi ere, interesa duen edonor Harrera Programarekin harremanetan jar daiteke:

Familia berri bat

Haurren Nazioarteko Egunaren bezperan egindako agerraldian, foru diputatuak gogorarazi du haurrak euren familietatik bereizteko beharra dela haurtzaroa babesteko esku hartzeetan gerta daitekeen egoerarik konplexuenetako bat: "Gure ingurunean badira haur eta nerabe batzuk, hainbat arrazoirengatik ezin direnak beren jatorrizko familiekin egon, ez direlako behar duten arreta, zaintza eta maitasuna emateko gai".

Babesgabetasun egoeran dauden umeek abandonua, tratu txarrak edo zabarkeria jasan dituzte. Ondorioz, horietako asko familia berri batean sartzen dira, harreran edo adopzioan, edo babes zentro batean amaitzen dira. "Euren behar emozionalei, materialei eta sozialei erantzungo dien ingurune egonkor batean bizitzea" da Aldundiaren kanpainaren helburua.

Araban, harrera familiak behar dira 0 eta 18 urte bitarteko adingabe askorentzat, baina, gaur egun, "lehentasunez eta urgentziaz", harrera familiak behar dituzte "neba-arreba taldeek, premia bereziak dituzten adingabeek, nerabeek eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrek", Emilio Solak azaldu duenez.

Modalitate horretan, harrerak gehienez sei hilabeteko iraupena du, salbuespenezko kasuetan izan ezik, eta batez ere sei urtetik beherako haurrentzat dira, haien etorkizunari buruzko erabakia hartzen den bitartean.

73 familia, 99 adingabe

2020an, zazpi adingabe egon dira urgentziazko harrera egoeran 3 familiarekin, eta, 2021erako helburua 10 familia lortzea.

Edozein modalitatetan haurren harrera egingo duten familiak 73 dira guztira. Horietatik 28 besteren familiak dira, eta 28 familia horiek 37 haur eta nerabe hartzen dituzte. Guztira, 99 adingabe daude familia harreran.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide