Arabako hamar ikastetxetako 800 gaztek aukera izango dute Hitz kolpez programarako prestatu den antzerkiaren emanaldietara joateko. Guztira, 44 emanaldi egingo dira Ibaiondo gizarte etxeko Felix Petite antzokian, azaroaren 19tik abenduaren 4ra bitartean.
Programak aurrera egingo du aurten, Vital Fundazioaren eta Gazteriaren Foru Erakundearen arteko lankidetzari esker, eta Traspasos antzerki konpainia arduratuko da antzezpenaz eta Sortzen genero aholkularitza dinamizazioaz. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, antzerkiaren bitartez sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egitea da asmoa.
Programa
Programaren lehenengo edizioan, 2015ean, esku hartze bat egin zen ikastetxeetan eta leku publikoetan, indarkeria matxistaren, eskola jazarpenaren eta ziberjazarpenaren aurrean sentsibilizatzeko asmoz. 2016an, 2017an eta 2018an, berriz, proiektua ikastetxeetara baino ez zen zuzendu, eta ikasleekin mahai-inguru bat egin zen saioaren ostean. Halaber, irakasleei materiala helarazi zitzaien indarkeria mota ezberdinen gaiari ekiten laguntzeko.
2019ko edizioan, beste era batean eman nahi izan zitzaion amaiera proiektuaren bost urteko lehen zikloari eta, horretarako, antzerkia sartu zen eta batez ere bikote harremanen barruko indarkeria matxista hartu zen ardatz; ikasleak antzerkira eramanez. 2020an ereduari eusten zaio.