'Un coche cualquiera' film labur arabarra Goya sarietarako lehian

Erredakzioa 2020ko aza. 18a, 10:28
David Blanka eta Patricia Lopez Arnaiz 'Un coche cualquiera' film laburrean. / AMANIA FILMS

David P. Sañudoren eta Amania Films ekoiztetxe arabarraren Un coche cualquiera film laburra 2021eko Goya sarietarako izendapena lortzeko hautagai izango diren fikziozko 15 film labur onenen artean aukeratu dute.

Martxoaren 6an Malagako Soho CaixaBank antzokian ospatuko da 2021eko Goya sarien 35. edizioa, eta David Perez Sañudoren Un Coche Cualquiera film laburra izendapena lortzeko finalista geratu da. Film laburren batzordeak 35 film labur hautatu ditu guztira: animaziozko 10 film, 10 dokumental eta fikziozko beste 15 film aukeratu ditu; azken kategoria horretan kokatzen da Sañudoren filma. 35 film horietatik, gehienez 13 izango dira behin betiko izendapenerako hautagaiak: lau animazioan, lau dokumentalean eta 5 fikzioan. 

Manuel izaneko pertsonaiaren inguruko film laburra da Un coche cualquiera. Gau bateko festaren ondoren, Manuel autora sartzen saiatzen da, baina hiru makarrek galarazi egiten diote, istorioa ustekabean korapilatzen da. Aktoreen artean, Patricia Lopez Arnaiz, Alvaro Cervantes, David Blanka eta Jorge Pobes daude.

 

'Ane', Goya sariei adi

Bestalde, David Perez Sañudo eta Amania Films ekoiztetxearen Ane filmak zine aretoetan jarraitzen du, urriaren 16an estreinatu ostean. Donostiako Zinemaldian euskal film onenaren eta euskal gidoi onenaren Irizar Saria eskuratu zituen. Martxoko Goya sarietara begira, besteak beste, film onenaren, zuzendari berri onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Patricia Lopez Arnaiz) sarietara izendapena lortzeko balizko hautagaien artean dago Ane, aditu askoren arabera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide