ZUT eta Ttap aplikazioetan estreinatu eta gero, Tokikomeko hedabideek IXA websail bertikala eskaini zuten; besteak beste, ALEAn izan zen lehen denboraldia jarraitzeko aukera. Ondoren, bere ibilbideak aurrera egin du, eta hainbat websail jaialditan parte hartu du.
Urriaren 23an, Bilbon, euskal websail onenaren saria eman zioten SeriesLand jaialdian. Sari horretaz gain, beste hainbat jaialdietarako izendapenak jaso ditu IXAk: besteak beste, Carballo InterPlay (Galizia), Euskal Zine Bilera, Die Seriale (Alemania), Asia Web Awards (Asia) eta Realist Web Fest (Errusia).
Berri onak ospatzeko, Bertikaletik mundura izeneko kanpaina sortu dute Instagram plataforman. Izendapen internazionalekin batera, eta ikusle guztiek ulertu ahal izateko helburuarekin, atal guztiak azpidatziekin eskainiko dituzte aipatutako sare sozialean. Hasiera batean, azpidatziak soilik gaztelaniaz agertuko dira, baina, jaialdi internazionalen datak gerturatu ahala, hizkuntza gehiago gehituko dituzte. Azaroaren 17tik aurrera kaleratuko dituzte sei atalak, banan-banan.
IXA, lehen websail bertikala
Mugikorrentzat esklusiboki sortutako lehenengo websaila da IXA, eta osorik formatu bertikalean grabatuta dago. Unai Portilla, Egoitz D. Ibargoitia eta Gorka Alvarez de Arcaya dira websailaren sortzaileak eta zuzendariak. "Euskaraz eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak aurrera atera ahal direla erakutsi nahian ekoiztu da", azaldu dute egileek. Hainbat gai jorratzen ditu websailak, baina denbora da atal guztien amua.
Lehenengo denboraldia sei atalez osatuta dago, eta horietako bakoitza "ez-leku" ezberdin batean garatzen da. "Ez-lekuak espazio unibertsalak dira, atenporalak, hauetan pertsonak zenbakietan bihurtzen dira eta nortasuna galtzen dute. Horregatik, atal bakoitza denbora pertzepzio ezberdin batetik azalduta dago, leku bakoitzean denborak ezberdin aurrera egiten duelako", azaldu dute.