Basurdeak ehizatzeko uxaldietan mugigarritasuna baimendu dute Aldundiek

Erredakzioa 2020ko aza. 17a, 09:00
Denboraldi batean basurdea ez ehizatzeak, %100eko hazkundea dakarrela dio Aldundiak. / ALEA

EAEko hiru Foru Aldundiek —Arabakoa barne— foru aginduak eman dituzte, alarma egoeran egiten diren basurdeen ehiza-uxaldi baimenduak "beharrezko jardueratzat" eta "ezinbesteko kausatzat" hartzeko.

Modu horretan, basurdeen ehiza-uxaldietan parte hartzen duten pertsonek ez dute mugigarritasun mugarik izango markatutako ehiza-eremuetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ezarritako ebazpenetan, "basurdearen gainpopulazioa" eta espezie horrek eragiten dituen "kalteak" direla eta, basurdea kontrolatzeko neurri bereziak hartu behar direla nabarmendu dute.

Joan den larunbatean, azaroaren 14an, Arabako Nekazaritza Sailak argitaratutako aginduaren arabera, basurdearen ehiza "beharrezko jardueratzat" jo behar da. Hortaz, jarduera hori salbuetsita dago EAEko udalerrien artean mugitzeko zein erkidegoan sartzeko edo irteteko mugei dagokienez.

Dokumentu horretan, halaber, Aldundiak argi utzi du osasun protokoloak bete beharko direla, eta ehiztariek Aldundiko Ehiza eta Arrantza Atalak emandako baimena eraman beharko dutela.

Arabako Foru Aldundiak, Bizkaikoak bezala, uste du "ezinbestekoa" dela basurdeen uxaldiak egitea, eta, animalia horrek eragiten dituen kalteak gogoratu ondoren, ohartarazi du "denboraldi batean espeziea ez ehizatzeak, horren %100eko hazkundea" dakarrela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide