Saharar komunitatea mobilizatu da Araban, Marokok gerra berpiztu ostean

Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 09:09
Elkarretaratzea Espainiako Gobernuak Gasteizen duen azpiordezkaritzan. / @GazteKomunistak

Saharar komunitateak eta harekiko elkartasun mugimenduak salatu du Marokok 1991tik indarrean dagoen su-etena urratu izana. Asteburu honetan, mobilizazioak egin dituzte Gasteizen eta Aiaraldean.

45 urte igaro dira Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuenetik, Martxa Berdea deiturikoan. Orduan, Espainiako Estatuak Saharatik ihes egin zuen, eta sahararrak bertan utzi zituen, garai hartan espainiar herritarrak ziren arren. Orduz geroztik, Saharako herria errefuxiatuen kanpamenduetan bizi izan da.

Saharar askok, ordea, erbestearen bidea hartu behar izan dute hamarkada hauetan, eta horietako asko Araban topatu dute bizilekua, batez ere Gasteizen eta Aiaraldean. Izan ere, saharar komunitate handi samarra dago gure lurraldean, eta, asteburu honetan, kalera atera da Marokok 1991tik indarrean zegoen su-etena urratu duela salatzeko.

Egunotan, Marokok Gergerat ingurura bidali ditu tropak, su-etena apurtuz, eta, horrekin batera, 1991ko Akordio Militarrak urratuz. Marokok legez kanpoko bidea zabaltzeko mugiarazi zituen tropak, urriaren 21etik herritar sahararrek mobilizazio baketsuetan itxiarazi baitzuten.

Amurrioko elkarretaratzea igandean. / AIARALDEA.eus

 

Autodeterminazio erreferenduma

Mobilizazioetan, Saharar herriari eta Fronte Polisarioari babesa adierazteaz gain, elkartasun mugimenduak dei egin dio euskal gizarteari hurrengo egunetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.

1988ko Bake Akordioan alde guztiek adostutako autodeterminazio erreferenduma "berehala" egiteko exijitu diete Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundeari. Gainera, "su-etenaren hausturaren aurrean, deskolonizazioaren zain dagoen Afrikako azken lurralde ez-autonomoarekiko erantzukizuna bere gain hartzeko" exijitu diote Espainiako Gobernuari.

Orozkotik Laudiora auto-karabana bat abiatu da. / AIARALDEA.eus

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide