Inoiz baino emakume gehiago artatu dituzte genero indarkeriagatik

Erredakzioa 2020ko aza. 13a, 10:57

Genero indarkeriari buruzko txostena aurkezteko agerraldia. / AFA

Aldundiaren zerbitzu psikologikoak genero indarkeriaren 1.100 biktima inguru artatu zituen 2019an.

Hegoak foru zerbitzuak genero indarkeriaren biktimei emandako arreta psikologiko espezializatuaren maila berriz ere handiena izan zen joan den urtean, 1991n sortu zenetik izandako datuak kontuan hartuta. Iaz 1.092 biktima artatu zituen, aurreko ekitaldian baino % 5 gehiago, eta kopururik handiena Aldundiak, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) bidez, tratu txarrak jasan zituzten emakumeei arreta psikologikoa ematen hasi zenetik.

Pandemiarekin eskarien kopuruak behera egin bazuen ere, oso altua izaten jarraitzen du, eta aurten zerbitzu psikologiko espezializatuak urrira arte 963 biktima artatu ditu. "Datu horiek baliagarriak dira frogatzeko indarkeria matxistaren ondorioz laguntza soziala eskatzen duten emakume, haur eta nerabeen kopurua oso handia dela eta gero eta handiagoa", adierazi du Emilio Sola gizarte politiken zaileko diputatuak.

Hala, aurten laguntza eskaera berri gutxiago hauteman dira konfinamendu egoera dela-eta, "baina indarkeria matxistaren biktima askoren drama areagotu da, bereziki erasotzaileekin bizi direnena". Hala eta guztiz ere, "eskariak oso handia izaten jarraitzen du", eta aurreko urtean tratamenduan hasi ziren pertsonen arreta mantendu da.

Bestalde, Hegoak zerbitzuak ematen duen arreta juridikoa 258 emakumeengana iritsi zen iaz, aurreko urtearen ildo beretik, eta 2020an dagoeneko 222 pertsonari eman zaie arreta. Egoitza harrerari dagokionez, iaz 90 biktimak jaso zuten laguntza intentsiboa Berehalako Harrera Zentroan, eta beste 27 harrera etxebizitzetan egon ziren aldi baterako.

Emilio Solak azpimarratu duenez, eskaera horren aurrean, Aldundiak baliabide berriak jartzen jarraitzen du. Aipatu du Araban egonaldi ertaineko lehen egoitza harrerako zentroa urtarrilean jarri zela martxan, eta lau familia unitateri arreta integral espezializatua eta ostatua eskaintzen dizkiela. Era berean, Arabako egoitza baliabideen sarea osatuko duen bigarren Berehalako Harrera Zentroa abian jarriko dela aurreratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago