ArabaXpress jaio da, Arabako bideo bertikalen lehenengo rally-lehiaketa

Erredakzioa 2020ko aza. 12a, 11:38
Foru Aldundiaren babesarekin jaio da ArabaXpress rally-lehiaketa. / AFA

Azaroaren 26tik 28ra, adin guztietako arabarrek parte hartu ahal izango dute ArabaXpress izeneko lehiaketan, 48 orduko epean lurralde historiko osoan zehar grabatutako bideo bertikalak sortuz eta Tik Tok edo Instagram plataformak erabiliz.

Tik Tok eta Instagram plataformak erabiliz sormena eta irudimena sustatzeko helburuarekin jaio da ArabaXpress, Arabako ikus-entzunezko lehenengo Rally Bertikala. Adin guztietako parte hartzaileek ideiak idatzi, bideoak grabatu eta lanak editatu beharko dituzte, sakeleko telefonoa erabiliz eta 48 orduko epean. Rallya abiatzeko, gai sekretu bat iragarriko du antolakuntzak proba hasi aurretik.

Ekitaldiaren helburu nagusia ikus-entzunezko munduan sortu diren joera berriak Arabako landa eremuetara zein Gasteizera hurbiltzea eta biztanleria teknologia berrietan trebatzea da. Gainera, belaunaldi desberdinen arteko loturak sortzeko aukera eman nahi du ArabaXpress egitasmoak. Horrez gain, antolatzaileek Arabaren onurak mundu osora zabaltzea nahi dute, kontuan hartuta Instagram eta Tik Tok planeta osoan mila milioi erabiltzaile baino gehiago dituzten plataformak direla.

Nola egingo da?

Rallya azaroaren 26tik azaroaren 28ra egingo da, eta bakarka zein taldeka parte hartu ahal izango da, gehienez sei lagunek osatutako taldeetan:

  1. Ostegunean, azaroaren 26an, 18:00etan bidalitako bideo guztiek oinarritzat hartu behar izango duten gai sekretua jakinaraziko da.
  2. Gai hori jarraituz, parte hartzaileek 48 orduko epean prozesu osoa gauzatu beharko dute. Irizpide bakarra bideoen formatu bertikala izango da.
  3. Epea amaitutakoan, parte hartzaileek lanak bidali beharko dituzte, WeTransfer plataformaren bitartez , antolakuntzak zehaztuko duen helbide elektroniko batera.

Laster ArabaXpress rallyaren bi kontu irekiko dituzte sare sozialetan, Instagram-en eta TikTok-en. Bi kontu horietan, gaur egun sare sozialetan dauden joeren inguruko informazioa egongo da eskura. Gainera, rallyaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitu ahal izango dira bertan.

Lau kategoria

ArabaXpress rallyaren lehenengo edizioa lau kategoriatan banatuko da, eta pieza guztiak euskaraz edo gaztelaniaz izan daitezke:

  1. Umorea: umorezko bikoizketak eta umorezko sketchak
  2. Ikus-entzunezko narrazioak: argumentu narratibo bat jarraitu beharko dute, hau da, istorio labur edo mikro istorioek hasiera, korapilo eta bukaera bat izan beharko dute.
  3. Koreografiak: azken urtean zehar sare sozialetan modan jarri da koreografia bat sortu edo asmatutako bat imitatzea, kategoria honetan koreografia proposamen berriei egingo zaie lekua.
  4. Efektu bereziak erabiliz sortutako lanak: Instagram eta Tik Tok plataformek hainbat tresna dute iragazki eta efektu bereziak erabiliz bideo harrigarriak egiteko. Kategoria honetan ikuslea harritzea espero da, beraz.

Sariak

Ikus-entzunezko adituak diren hainbat pertsonak osatutako epaimahai batek hautatuko ditu irabazleak, eta kategoria bakoitzeko obra onenek 100 euroko saria jasoko dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide