Azaroaren 20tik 29ra arte, Gaztefilm Fest jaialdiaren laugarren edizioa hartuko du Gasteizek. Hogei jarduera baino gehiago izango dira, Zinhezba eta KalakaLab kultur elkarteek antolatu duten haur eta gazteei zuzendutako programan. Bi asteburutan egingo dute; hilaren 20, 21 eta 22an, haurren atala egingo dute (12 urtera arte); 27, 28 eta 29an, berriz, 12 urtetik gorako gazteentzako filmak eskainiko dituzte.
Montehermoso kulturunean, Zabalganeko gizarte etxean, Vital Fundazioaren kulturunean, Monstrenka aretoan, Satélite tabernan, eta SAMA-Ikus-entzunezkoen Arabako Elkartearen zinematxoan eskainiko dituzte proiekzioak. Gainera, Arabako beste udalerri batzuetara ere hedatuko da GazteFilm Fest, hala nola Zigoitia, Kanpezu eta Laudiora.
Batetik, sail ofiziala du programazioak, lehiaketara aurkeztutako film labur eta luzeek osatua; bestetik, hainbat jaialditan arrakasta lortu duten film berri-berrien erakustaldia. Orotara, mundu osoko 1.024 film labur eta 254 film luze aurkeztu dira. Film horiek ez dira zirkuitu komertzialetan erakutsi ohi, eta hainbat gai jorratzen dituzte: elkartasuna, gizarte bazterkeria, desberdintasuna, adiskidetasuna, heriotza eta abar. Antolatzaileek jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte lanak, baina proiekzioen %60an euskarazko bikoizketa edo azpitituluak eginda.
Sail ofiziala
Zortzi film luzek osatzen dute sail ofiziala. Haurrentzako atalean, My Grandpa is an Alien, Strike, Calamity, Martha Jane Cannary-ren haurtzaroa eta Fritzi: un cuento Revolucionario filmak ikusi ahalko dira. Gazteentzako atalean, berriz, Meu nome es Bagdad, Nevia, Los lobos eta Normal filmak. Film laburren sailean, bestetik, 28 lan eskainiko dira guztira, adin-tarteen arabera banatutako lau programatan.
Erakustaldian, hiru urtetik gorako atalak Jungle Beat animaziozko filma eta film laburren programa bat eskainiko dira. Haurrentzako atalean, Jacob, Mimi y los perros del barrio eta La famosa invasión de los osos en Sicilia lanak aurkeztuko dira. Gazteentzako atalean, berriz, Las niñas eta Las buenas intenciones.
"Periferikoak" izeneko atala da erakustaldiaren azken osagarria; duten bitxitasun edo arriskuagatik edo gainerakoekin uztartzeko zailtasunagatik sail ofizialetik kanpo geratu diren piezen bilduma da.
GazteFilm Fest jaialdiak, orobat, ‘Jolasak filmatzen’ ikus-entzunezkoen laborategi ludikoa proposatzen du, haurrek sortzeko eta ikus-entzunezkoen lengoaia ikasteko espazioa, jolasa ardatz hartuta. Jarduera horretan, film labur bat egingo dute taldean. 9 eta 13 urte bitarteko haurrentzat da.
Emanaldietarako sarrerak webgune honetan erosi ahalko dira, proiekzioaren egunera arte, 3 euroan: www.gaztefilmfest.com
Gainera, aurten Filmin plataforma digitalarekiko lankidetza sendotuko dute, eta Gaztefilm Festek bertan duen kanalean ere eskainiko dira jaialdiko filmak, abenduaren 4tik 11ra.