Dozenaka herritarrek bat egin zuten larunbatean Gasteizko herri mugimenduko hainbat eragilek deitutako mobilizazioarekin. Hamar eskaera biltzen dituen aldarrikapen taula baten inguruan, "osasuna, eskubide sozial eta politikoak, eta baliabide materialak defendatzeko" deia egin zuten bertan, "kapitalaren neurrien kontra".
"Ezin dugu ukatu osasun egoera larri baten aurrean gaudenik, benetakoak baitira kutsaketak, heriotzak eta osasun sistemaren kolapso arriskuak. Ez dugu hori inondik inora zalantzan jartzen", adierazi zuten mobilizazioan. "Baina benetakoak dira ere zerbitzu publikoen pribatizazio eta murrizketak; etxegabetze eta desalojoak; gosea, hotza eta beldurra; kaleen militarizazioa, kontrol soziala eta kolektibo batzuen estigmatizazioa; eskubide politikoen galera eta presoen isolamenduaren areagotzea zein dispertsioa".
Halaber, azken asteetan ezarritako neurrien atzean "estrategia kapitalista eta osasunaren instrumentalizazioa" daudela salatu zuten. "Hemen eta orain, mundu mailako pandemiaren kudeaketa politikoa dela aldarrikatzen dugu, kapitalaren eta normaren logikari jarraitzen diona", adierazi zuten. Era berean, "pobrezia, migrazioa eta gazteria kutsadura-iturri gisa mediatikoki estigmatizatu" dituztela ohartarazi zuten.
Gainera, neurriek "klaseen arteko langa" handitu dutela uste dute, "lehendik existitzen ziren injustiziak agerian utziz". Salatzen dutenez, "baldintza sozioekonomiko zaurgarriak dituzten eta administratiboki egoera irregularrean bizi diren pertsonen kontrako eraso zuzena dira, eta emakumeen gainean pisu handiagoa jarri dute, zaintza lanak berriro ere euren bizkarretan utziz".
Aiaraldean, eskubide sozialen alde
Asteburuan zehar, antzeko mobilizazioak egin dira Arabako beste hainbat herritan. Adibidez, ehunka herritar mobilizatu dira Aiaraldean, koronabirusak sortutako egoeraren kudeaketa salatzeko. Amurrion eta Laudion, adibidez, "kapitalaren neurrien aurrean" eskubide sozialak aldarrikatu dituzte. Osasungintzan, garraio publikoan eta bestelako alorretan dauden gabeziak salatu dituzte, besteak beste.
Elkarretaratzea Araian
Araiako herritar talde batek kontrol sozialaren aurkako eta zerbitzu publikoen aldeko elkarretaratze bat egin zuten igandean. Era berean, ostalaritzaren "egoera larria" salatu dute mobilizazioan.
Hamar eskaera
Mobilizazioaren deitzaileek hamar aldarrikapen zehatz plazaratu dituzte, nagusiki zerbitzu publikoak indartzea eta biltzeko eskubidearen zein eta oinarrizko baliabideen bermea eskatzeko:
- Antolakuntzarako eta jardun politikorako eskubideen bermea, "kaleen militarizazio eta Estatu polizialaren aurka".
- Zerbitzu publikoak indartu: osasuna, hezkuntza, zaintza... baliabideez hornitu.
- Bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak bermatu: ura, argia, gasa eta etxebizitza.
- Etxebizitza eskubidea bermatu; etxegabetzeak, alokairuak eta hipotekak bertan behera gelditu.
- Lan baldintza eta pentsio duinak bermatu.
- Zaintza integral indibidual zein kolektiboari heldu.
- Isolamenduak dakarren indarkeria matxista eta LGTBfobikoari aurre egiteko baliabideak ezarri.
- Pertsona guztien erregularizazioa bermatu; atzerritartasun legea behin betirako baliogabetu.
- Erantzukizun eta ardura politikoak hartu; kriminalizazioa eten.
- Presoen eta senideen eskubideen defentsa: "Bisean bisekoak, komunikazioak eta baimenak oinarrizkoak dira presoek pairatzen duten isolamenduari aurre egiteko".
"Orain, inoiz baino gehiago, defentsa eta babes sare kolektiboak beharrezkoak dira bizi dugun pandemia ekonomiko, sanitario eta sozialari aurre egiteko", azpimarratu dute. Aurrera begira, antolakuntzarako deia egin dute.