Levante 1 - 1 Alaves

Alavesek aurrera begiratzeko puntua lortu du

Ibon Gorrisi 2020ko aza. 9a, 08:40
Bigarren zatian, Alavesek lan eskerga egin du markagailuari eusteko. / D. ALAVES

Ia-ia partida osoa jokalari bat gutxiagorekin aritu da Levanteren aurka.

Levante

1

Alaves

1

Alavesek bide onean jarraitzen du. Levanteren aurka lorturiko puntua oso garrantzitsua da. Banako berdinketa balio handiko izan da, batez ere lehen zatiko 34’. minututik jokalari bat gutxiagorekin aritu delako. Sufrimenduan oinarritutako eta aurrera begiratzeko puntua izan da.

Gauzak ezin hobeto hasi dira talde arabarrarentzat. Partida hasi eta hirugarren minutuan, Lucas Perezek huts eta batekoa jarri du markagailuan. Bazirudien norgehiagoka bide onetik joango zela, baina, Bartzelonaren aurka bezalaxe, epaileak Edgar Mendez erdilariari bigarren txartel horia erakutsi dio eta kanporatu du. Egindako umekeriak ez du ondoriorik izan lehen zati honetan, eta egindako golarekin joan dira bi taldeetako jokalariak aldageletara.

Levanteren aurka lorturiko puntua oso garrantzitsua da

Bigarren zatian, taldeak lan eskerga egin du nola edo hala markagailuari eusteko. Levante oso erasokor atera da golaren bila. Berehala ailegatu da, hain zuzen 50’. minutuan, Morales aurrelariak banako berdinketa egin du. Oraindik orain, minutu asko gelditzen ziren eta etxeko taldeak garaipena nahi zuen. Halere, Alavesek ondo baino hobeto eutsi dio etxeko taldeari. Izan ere, lerroak atzeratu ditu eta talde lana eginez zirrikiturik ez uztea lortu du. Horrez gain, Levanteko jokalariek jaurtiketak egitea lortu dutenean, berriz ere, hor agertu da Pacheco atezaina. Azken bi partidetan maila oso altua erakusten ari da, eta, nola ez, taldeak eskertzen dio.

Azken txanpan, talde arabarrak aukera paregabea izan du. Izan ere, luzapenean Deyversonek egindako jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Agian garaipena gehiegi izango zen, baina futbolaren saltsa eta perrexila gola da. Azkenean, puntu banaketa eta galdu gabe aurrera jarraitzeko. Taldea konfiantza hartzen ari da pixkanaka.

Orain geldiunea izango da, eta hurrengo neurketa azaroaren 22an, 21:00etan Mendizorrotzan, Valentziaren aurka. Ea taldeak garaipena lortzen duen! Momentuz bide onean ari da.

Hamaikakoak

  • Levante: Aitor; Son, Clerc, Vezo, Oscar Duarte; Rochina (61’. De Frutos), Malsa (61’. Campaña), Enis Bardhi (85’. Radoja), Gonzalo Melero; Morales, Dani Gomez (74’. Sergio Leon).
    • Txartel horia: 94’ Clerc.

  • Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Ely, Rubén Duarte; Edgar Méndez, Tomás Pina (55’. Manu García), Battaglia, Luis Rioja (83’. Javi López); Lucas Perez (68’. Borja Sainz), Joselu (83’. Deyverson).
    • Txartel horiak: 9’ Tomas Pina. 77’ Battaglia. 80’ Luis Rioja.
    • Txartel gorria: Edgar Mendez; bi txartel hori: 23’ eta 34’.

Golak

  • 0-1: 3’. Lucas Perez.
  • 1-1: 50’. Morales.

Ciutat de Valentzia futbol zelaiko harmailak

Levante taldea bere futbol zelaira itzuli da. Erabat berritu ondoren gaur estreinatu dute. Ohi bezala, ikuslerik gabe jokatu dute. Denon buruan zenbait jokalariek emandako positibo eta izandako eragina entrenamenduetan. Halere, normaltasun osoz ari dira bi taldeetako jokalariak berdegunean. Aipatu beharra dago Edgar Mendez kanporatua izan dela bi txartel horiak ikusi dituelako. Bigarrena umekeria izan da eta erabat baldintzatu du taldearen nondik norakoa. Bigarren partida jarraian taldea jokalari bat gutxiagorekin gelditzen dela. Hemendik aurrera hobetu beharreko kontua izango da.

Etxeko besaulkitik partidari begira

  • Akabo, gure arteko hika-mikak Alde Zaharreko tabernetan. Egia esanda, futbola Mendizorrotzan ikusteak bere xarma ikaragarria du. Momentuz ezinezkoa. Tabernetan eta lagunekin ikustea zoragarria da. Hori ere, hilabete honetan ezinezkoa. Azkenik, etxeko bakardadean ikusteak asko galtzen du. Baina hori izango da hemendik aurrera egin beharko duguna.
  • Beno, bada, ikusiko dugu gaur taldeak aurreko partidetako bideari eusten dion! Albiste ona, hasierako hamaikakoan Martin, aspaldiko partez. Ea mutikoak ondo egiten duen!
  • Baina zer da hau, hasi eta gooooooooooola, goooooooola. Hori da hori hasiera ezin hobea ematea. Bidea horixe bera baita. Partida oso itxura ona hartzen ari da.
  • Ondo, ondo ari da taldea atzealdean. Ea sendotasunez jokatzen dugun eta kontraeraso batean bigarrena egiten dugun!
  • Edgar, Edgar, baina zer egin duzun motel!! Txartel horia zeneukan eta tontakeria hori eginez bigarrena eta kalera. Berriz ere, gorriak ikusiko ditugu. Hau da hau!
  • Eskerrak atsedenaldira. 0-1 eta garaipena gero eta hurbilago. Halere, bigarren zatian sufrikario ikaragarria izango da. Ikusiko dugu!
  • Oraingoan hasira kaxkarra. Levanteren gola, 1-1 berdinketa. Orain sufritzea, sufritzea, baloiak urruntzea eta urruntzea.
  • Ufff, eskerrak San Pacheco daukagula atepean. Beno, taldea nola edo hala arriskua urruntzen ari da. Ea gutxienez puntu bat lortzen dugun.
  • Ufff, bost minutuko luzapena. Gehiegi da, taldea erabat nekatuta dago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide