Patxi Zubizarretak eta Xabier Olarrak irabazi dituzte 'Vitoria-Gasteiz' itzulpen sariak

Erredakzioa 2020ko aza. 6a, 12:06
Robert Louis Stevensonen ‘Catriona’-ren itzulpenagatik lortu du saria Olarrak.

Alexandra Garibalen 'Plein plein plein d’animaux' eta Robert Louis Stevensonen 'Catriona' lanen itzulpenengatik jasoko dute saria.

2002 urteaz geroztik, Vitoria-Gasteiz Sariak ematen ditu Gasteizko Udalak, euskara zerbitzuaren bitartez, haur eta gazte literaturako lanen euskararako itzulpen onenak nabarmentzeko. Oraingo honetan, 17. edizioan, Patxi Zubizarreta eta Xabier Olarra itzultzaileek irabazi dituzte sariak.

Alexandra Garibalen Plein plein plein d’animauxAnimalia asko, pila bila— liburuaren itzulpenagatik lortu du saria Patxi Zubizarretak, eta 9.000 euro eskuratuko ditu. Jatorrizko liburuaren berezitasuna, hitz-jokoak eta umorea euskarara ekartzeko gaitasuna azpimarratu dituzte. Gainera, epaimahaiak adierazi du oso maila altuko itzulpena dela Zubizarretarena.

Xabier Olarrak, ordea, Robert Louis Stevensonen Catriona-ren itzulpenagatik lortu du saria. 9.000 euro eskuratuko ditu baita ere. Kasu honetan, egindako lanaren kalitatea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu dituzte. Epaimahaiaren hitzetan, "itzulpen borobila" da. "Euskara dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da", esan dute.

Guztira 29 lan aurkeztu dira aurten Vitoria-Gasteiz sarietara, azken edizioetan baino gehiago. Hauek izan dira epaimahaikideak: Aintzane Atela Gurrutxaga, Patxi de Vicente Arbeloa, Karlos del Olmo Serna, Miren Ibarluzea Santisteban eta Mario Unamuno Plazaola. Aurreko urteetan sarituak izandakoak dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide