Mendebaldeko Saharako gatazka aztertuko dute

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 11:51

Egungo egoera aztertuko dute adituek jardunaldietan. / Saharaz Blai

Besteak beste, Abdulah Arabik, Unai Orbegozok eta Hassanna Aaliak parte hartuko dute jardunaldietan; emanaldia zuzenean eskainiko dute Sahara Gasteiz-ek sare sozialetan dituen kanaletan.

Arabako SEADen Lagunen Elkarteak elkarrizketa programa bat emango du online igande honetan, azaroaren 8an, El Aaiun hiri okupatuaren kanpoaldean antolatutako Gdeim Izik kanpamentuaren eraispen bortitzaren 10. urteurrena gogoratzeko.

Gdeim Iziken ondarea saioak gatazkaren gaurkotasunari helduko dio Fronte Polisarioaren Espainiako eta Euskadiko delegatuekin, Abdulah Arabi eta Mohamed Limam, tentsio handiko testuinguru batean. Gdeim Iziken egon zen Hassanna Aalia ekintzailearekin, "Arrail bat harresian" ikerketan parte hartu zuen Miren Ogandorekin eta Gdeim Izikeko ekintzaileen epaiketetan nazioarteko behatzaile izandako Unai Orbegozorekin Giza Eskubideen egoerari erreparatuko diote. Azkenik, Elghalia Djimi Giza Eskubideen defendatzaileak, Hayat Rguibi ekintzaileak eta Ebbaba Hameida kazetariak mobilizazioetan eta gatazkan emakume sahararrek duten paperari buruz hausnartuko dute.

Emanaldia zuzenean egingo da azaroaren 8an, igandea, 12:00etatik 13:30era eta elkartearen Youtube eta Facebook-eko kontuetan ("Sahara Gasteiz") jarraitu ahal izango da.

Udaberri arabiarren aurrekaria

2010eko urriaren 10ean sahararren talde batek Mendebaldeko Sahararen hiriburuaren, El Aaiun, kanpoaldean lehenengo haima bat ezarri zuten bere eskubide ekonomiko eta sozialak aldarrikatzeko. Egun batzuk beranduago, okupaziopean bizi diren milaka saharar elkartu ziren ehunka haimak osatzen zuten Gdeim Izik kanpamentuan. Ekintza hau gizarte zibilak urteetan antolatutako handiena izan zen eta Noam Chomsky bezalako adituek udaberri arabiarren aurrekaritzat dute. Marokoko segurtasun indarrek kanpamentua inguratu zuten zibil gehiagoren etorrera galarazteko, hainbat zauritu eta Najem Elgharhi adin txikikoaren heriotza eragin zuten ekintzekin. Aldi berean, kazetariak zein nazioarteko behatzaileak eremura heltzea oztopatu zen. Azkenean, azaroaren 8an, armada marokoarrak bortizki eraitsi zuen kanpamentua eta horren ondorioz antolatu ziren manifestazioak indarrez erreprimitu ziren. Geroztik, 19 ekintzaile espetxeratu dituzte mobilizazioetan parte hartzea egotzita 20 urteko eta biziarteko-kartzela zigorrekin, epaiketa justu eta impartzialik izan gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago