Gertukoak babesteko garaia da

Erredakzioa 2020ko aza. 6a, 08:30

Arabako ALEAk ekoizle txikientzako erakusleiho indartsua eskaintzeko lanean jarraitzen du; oraingoan, bertako produktuekin osatutako saskien zozketa antolatu du, ekoizleen laguntzarekin.

Koronabirusaren eraginez, Arabako ekoizle txiki asko beraien ohiko banaketa sistemak moldatzera edo kasurik txarrenetan etetera behartuta egon ziren martxoan; orain, egoerari buelta emateko denborarik gabe, berriro ere, bigarren konfinamendu baten atarian gaudela ematen du. Datozen hilabeteak ere oso gogorrak izango direla kontuan izanda, inoiz baino funtsezkoagoa da ekoizle txikiak babestea.

ALEAn helburu horretara bideratu nahi ditugu gure baliabideak, gertukoak zaintzea ezinbesteko betebeharra dela pentsatzen baitugu. Hori dela eta, pandemia hasi eta jarraian, elkarlanean hasi ginen ekoizle txikienekin. Lehen pausua izan zen ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman sarea sortzea, gure webgunean Zaindu Gertukoa izeneko atal berezia eratuz: azpi-webgune honetan ekoizle bakoitzak nahi duen informazioa jarri ahal du ikusgai, eta horrekin batera dagozkion harremanetarako datuak ere: telefono edo whatsapp zenbakia, posta elektronikoa, produktuei buruzko informazioa edo norberaren webgunera lotura. 

Sari ugari

Hilabeteek aurrera egin dute eta ekoizleek denda fisiko gabe jarraitzen dute; hori horrela, ALEAn erakusleiho indartsua eskaintzeko lanean jarraitzen dugu. Epe laburrera begira ditugun asmoen artean, ekoizleen gida berritzearena dago, erakargarriagoa eginez.

Hori aurrera atera ahal izateko proiektu berria jarri dugu martxan, ekoizleen laguntzarekin. Hain justu ere, Arabako askotariko produktuekin osatutako saskien zozketa antolatu dugu. Hiru otar eder banatuko ditugu, besteak beste, gazta, okela, lekaleak, kontserbak, patatak, eztia, ogia, olioa, gozoak, garagardoa, sagar zukua edota ardoa izango dutenak. Produktuez gain, lehenengo sariak, gainera, Museo del Organoren Dastatu Txartela eta Atxeta gaztandegian bisita gidatua ere baditu. Hiru saski horiez gain, beste bederatzi irabazteko aukera ere izango da, argi gazta laurdenaz eta ardo botila batez osatuta egongo direnak.   

Bi euroan

Mila txartel jarriko ditugu guztien eskura, eta bakoitzak bi euro balioko du. Zozketako irabazleak 2021ko urtarrilaren 6an egitekoa den El Niño Loteria Nazionaleko zozketako zenbaki sarien arabera erabaki dira; hain zuzen, lehenengo hiru sariak aipatutako zozketan sarituak diren zenbakien azken hiru digituen araberakoak izango dira, eta 9 sari gehigarriak lehenengo sariaren azken zifrekin bat egiten duten zenbaki guztiak izango dira. Irabazleek sariak ALEAren egoitzan jasotzeko aukera izango dute otsailaren 5a baino lehen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago