Hainbat hobekuntza egin eta gero, prest dira Gasteizko Beti-Jai frontoiak. Segurtasuna, irisgarritasuna eta edukiera hobetzeko hainbat lan egin dituzte, eta astebete barru irekiko ditu ateak urtebeteko lanen ostean; miloi bat eurotik gora inbertitu du Udalak.
"Orain Gasteizek instalazio seguruagoa du, irisgarriagoa eta edukiera handiagoarekin, edonork gure kirolaz, pilotaz, gozatzeko aukera izan dezan", azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak gaur goizean eginiko bisitan. Datorren astean irekiko ditu ateak xake-federazioko entrenamenduetarako, pilota modalitateren batean aritzen diren entitateentzako (federazioak eta guraso elkarteak), eta squasherako. Eta, horrez gain, instalazioak berriro hartuko ditu udal-ikastaroak, urrian hasi zirenak, baina beste instalazio batzuetan. Azaroaren 9tik aurrera (astelehena) erabiltzaileek zuzenean egin ahalko dituzte erreserbak. Egibidek kudeatzen duen kafetegia ere irekiko da, betiere edukierari eta osasun-neurriei buruzko irizpideak errespetatuz.
Beti-Jai frontoiak laurogeiko hamarkadako eraikin batean daude, 12.700 metro koadroko azalera eraikia hartzen dute, eta, besteak beste, 1986ko pilotako munduko txapelketa bertan ospatu zen. Gainera, 1990etik aurrera bertan daude Egibideren ostalaritza eskola, eta hark bideratzen duen jatetxea.
Segurtasuna hobetzeko lanak
Egindako azken lanekin, segurtasun alorreko hainbat gai hobetu dira; besteak beste, bi arrapala berri jarri dituzte, suaren aurkako instalazioak hobetu dituzte, eta megafonia egokia ere jarri dute, behar izatekotan ahotsez jendeari kaleratzea eskatzeko. Gainera, handitu egin da instalazioen edukiera; ia 2.000 pertsonakoa zen eta orain ia 3.000 pertsonakoa izango da.