Alaves 1 - 1 Bartzelona

Alavesek urrezko puntua lortu du Bartzelonaren aurka

Ibon Gorrisi 2020ko aza. 1a, 11:42
Alavesek balio eta meritu handiko puntua lortu du Bartzelonaren aurka. / FC BARCELONA

Meritu handiko berdinketa Alavesentzat, jokalari bat gutxiagorekin aritu delako azkeneko 28 minutuak.

Alaves

1

Bartzelona

1

Alavesek balio eta meritu handiko puntua lortu du Bartzelonaren aurka. Txalotzeko eta nabarmentzeko partida osoan zehar egindako lana, eta, batez ere, bigarren zatian, azken 28 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan dituelako. Horrez gain, Pacheco atezainak egindako geldiketak goraipatu beharra dago.

Ezina ekinez egina. Arabako taldeak argi eta garbi zeukan zer egin behar zuen Bartzelona ahalguztiduna mendean hartzeko. Lan ta lan, eta horixe egin dute lehen minututik. Baloi irteerari presio ikaragarria egin eta gero, atzealdean lerroak oso elkarturik izan zirrikiturik ez uzteko.

Txalotzeko eta nabarmentzeko partida osoan zehar egindako lana.

Gauzak ezin hobeto joan dira 31’. minutuan, Luis Riojak gola egin duenean. Azeri zaharraren antzera jokatu du, eta, sinetsita baloia berreskuratuko zuela, jarraitu du. Saria potoloa izan da, gola eta poza izugarria. Gol horrek konfiantza eman dio taldeari, eta bide horretan jarraitu du atsedenaldira joan arte.

Bigarren zatian talde kataluniarrak aldaketak egin ditu, eta guztiarekin berdinketaren bila atera da. Alderik alde ondo mugitu dute baloia, baina gol aukerak sortzea kostatu zaio. Alavesek jokalari guztiak area inguruan pilatu ditu, eta ia-ia zirrikiturik ez du utzi. Halere, gauzak erabat korapilatu egin dira epaileak Jota Peleteirori bigarren txartel horia erakutsi dionean. Handik gutxira, Griezmannek ondo baliatu du area inguruan eskuratutako baloia, eta maisuki saretara bidali du.

Puntu bat eta Liga hasierako zalantzak uxatzen hasi da taldea. Orain, bide horretan segitu behar du.

Banako berdinketarekin minutu asko gelditzen ziren, eta taldeari defentsan lan eskerga egitea tokatu zaio. Gau beltza denok buruan aritu izan da zenbait minututan hegaka. Baina nola edo hala eutsi dio berdinketari, une batzuetan, ahal zuen bezala, besteetan modu ordenatu batez. Eta nola ez! Pacheco. Geldiketa bikainak egin ditu, mota guztietakoak, eta berari esker ere hor dago lorturiko emaitza. Lasaitu ederra hartu dugu denok epaileak bukaera adierazi duenean.

Puntu bat eta Liga hasierako zalantzak uxatzen hasi da taldea. Orain, bide horretan segitu behar du. Hurrengo neurketa datorren igandean, azaroak 8, 18:30ean Levanteren aurka jokatuko du. Ea taldeak galdu gabe jarraitzen duen!

Hamaikakoak

  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro (39’ Martin), Laguardia, Lejeune; Ruben Duarte; Edgar Mendez (56’ Tavares), Tomas Pina (72’. Adrian Marin), Battaglia, Jota Peleteiro; Luis Rioja (72’ Manu Garcia), Deyverson (56’ Joselu).
    • Txartel horiak: 14’ Jota Peleteiro. 21’ Deyverson. 62’ Jota Peleteiro. 86’ Ruben Duarte.
    • Txartel gorria: 62’ Jota Peleteiro.

  • Bartzelona: Neto; Sergi Roberto, Pique, Lenglet (46’ Trincao), Jordi Alba (68’ Dest); Busquets (46’ Pjanic), De Jong; Dembele (46’ Pedri), Messi, Ansu Fati (77’ Braithwaite); Griezmann.
    • Txartel horia: 38’ Messi. 43’ Lenglet. 43’ Busquets.

Golak

  • 1-0: 31’ Luis Rioja.

  • 1-1: 64’ Griezmann.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, harmailak hutsik baina koloredunak. Telebistak irudiak jartzen ditu ikuskizuna arintzeko. Partida bide onetik joan da, eta epaileak ez du VAR erabili behar izan, jokaldi eztabaidagarririk ez delako egon. Partida bukaeran, Alaveseko jokalarien artean poza izugarria izan da. Telebistaz ikusitakoaren arabera, poza erabatekoa izan da.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • Hau da hau gaua Gasteizen daukaguna!! Ia-ia kabitu ezinik. Jendetza gaur Alde Zaharrean dagoena! Gau beltza edo gau alaia da edo izango da!
  • Ea zer egiten dugun! Talde handi-mandi daukagu gaur. Ondo legoke irabaztea. Barcari irabaztekotan gaur izan behar, gero ia-ia ezinezkoa izaten baita.
  • Egia esanda, Bartzelonak jokalari berri asko ditu. Badirudi gaztetasunaren aldeko apustua egiten ari dela. Machinek ere aldaketak egin ditu. Joselu eta Lucas Perez ordezkoen aulkian eta Luis Rioja hamaikakoan. Hau sorpresa! Garbi dago, lan ta lan, korrika, korrika eta korrika.
  • Beno, taldea ondo ari da. Hori da hori, baloi guztiak borrokatu egin behar dira. Ondo, atzealdean oso ondo, ia-ia Bartzelonak ez du gol aukerarik izan. Guk ezta ere, baina hori horrela izan behar.
  • Luis Rioja, hori da hori gola egitea. Sinestea. Baietz, baietz….Gooooooooooool. Arabako Errioxa onena dudari gabe!
  • Orain sufritzea tokatuko zaigu. Beno, atsedenaldira. Ondo, ondo taldea.
  • Orain, haiek aldaketak egingo dituzte eta guztiarekin golaren bila joango dira. Zer nolako jokalariak, Messi, Griezmann, Ansu Fati… Hemezortzi urte betetzen ditu gaur eta gola egin nahi izango du. Espero dezagun ezetz.
  • Eskerrak Pacheco, San Pacheco edo dena delakoa daukagula. Geldiketa bikaina.
  • Txartel gorria Jotari, baina oso gogorra da bigarren txartel hori, ez al da? Orain hamar jokariekin. Beno, ea lortzen dioten emaitzari eustea. Zaila oso zaila. Tira hor duzu berdinketa. Griezmann, zer jokalari puxka. Baloia nahi gabe jaso du eta barrura. Hori da Bartzelonak daukana. Aukera bakarra izan eta saretara.
  • Orain, sufrikarioa! Ordua, ordua da epailea. Ah! Oraindik 20 minutu falta dira. Luzea izango da bigarren zati honako hau. Uf, uf, uf… Ea lortzen dugun puntu bat gutxienez. Zortea behar da, zortea.
  • Ordua, ordua, ordua… mesedez. Bukatu da, akabo. Eskerrak, baina meritu handiko puntua. Ze pena orain ezin dugu ospatu etxera joateko ordua delako. Gutxienez pozaren pozez etxeratuko gara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide