TD Systems Baskonia71 |
FC Barcelona72 |
Ezin esan partida ona jokatu dutenik Baskonia eta Bartzelonak gaur iluntzean. Ezin ukatu, ordea, emozioa azken segundora arte izan duenik. Bi taldeek akats ugari izan dute partida osoan zehar. Batetik bestera korrika eta jokoaren kontrola hartu ezinda aritu dira minuturik gehienetan zehar. Joko zoro horrek Baskoniari mesede egin ohi dio, Henry joko-antolatzailearen eskutik, eta neurri batean, horri esker, Bartzelonak ez du kantxan eroso egoteko aukerarik izan.
Akatsak akats, lehen hiru laurdenetan Jasikeviciusen mutilek markagailuan aurrea hartu dute eta partida puskatzeko aukera ugari izan dute. Hamar puntuko aldea erdiesteko aukera bat baino gehiago izan arren, Baskoniak ez du burua makurtu eta lanean jarraitu du etengabe.
Modu horretan parekatuta iritsi dira bi taldeak azken hamar minutuetara. Une horretan, partida osoko joko mailarik altuena erakutsi du Baskoniak eta minutu gutxian 13-0 partzialari esker partida bere alde jarri du. Minutu gutxiren faltan, zortzi puntuko aldea izan dute gasteiztarrek, eta garaipena eskura zutenean, egindako lan guzti hori xahutu dute.
Modu ulergaitzean akats ugari izan ditu taldeak, bata bestearen atzetik, eta garaipena Bartzelonari oparitu den sentsazioarekin geratu dira baskoniazaleak. Min ematen duen porrota ezbairik gabe. Ivanovicek partida ondorengo prentsaurrekoan esan bezala “ezer ez da ezinezkoa, eta gaur txarrerako erakutsi dugu hala izan daitekeela”.