Irakurle-klub feministak eta lodifobiaren aurkako borroka aztertuko dituzte

Erredakzioa 2020ko urr. 30a, 18:00
Arabako irakurle-klub feministen topaketa. / Laia Eskola

Andrea Perales, Maria Gema Lasarte eta Irati Garciaren lanak aukeratu dituzte Gasteizko ikerketa feministarako lehiaketan.

Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak ikerketa feministarako lehen lehiaketa jarri du martxan aurten, EHUrekin elkarlanean, eta gaur jakinarazi dute lehiaketaren epaia: Andrea Perales, Maria Gema Lasarte eta Irati Garcia izan dira irabazle.  Saritutako bi proposamenek irakurle-klub feministak eta feminismoak lodifobiaren aurkako borrokan duen zeregina dituzte aztergai. Sari bakoitzak 4.500 euro jasoko du.

Feminismoari buruzko ikerketa-lanen 2020-2021eko lehiaketara 31 proposamen aurkeztu dira guztira, askotariko gaien inguruan. Besteak beste, migratzaileak, zaintzak, sexu-orientazioa eta genero-identitatea, dibertsitate funtzionala eta zientzia ukitzen dituzte, betiere ikuspegi feminista batetik. Jasotako proposamenen kopurua ez ezik, horien kalitate teknikoa ere nabarmendu dute sustatzaileek.

Azkenean bi proposamenek lortu dute puntuaziorik handiena. Literatur klub feministen lanaren bisibilizazio premia, Andrea Perales eta Maria Gema Lasarterena izan da sarituetako bat; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahalduntze eskoletan antolatutako irakurketa klubetan egiten den lana ezagutarazi nahi dute, zientzian eta dibulgazioan oinarrituz. Horretarako, ikerketak Feminist Agenda kluba hartuko du paradigmatzat, Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak eskaintzen duena.

Nire gorputza gudu-zelai bat da. Feminismoen rola gasteiztar emakume lodien bizipenetan da Irati Garciaren ikerketa proposamena. Honen helburua da ikuspegi intersekzional batetik aztertzea Gasteizen aktibismo feministak izan dezakeen ahalmena emakume lodien gorputz bizipena eta testuinguru feministetan aurkitzen dituzten erresistentziak hobetzerakoan.

Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolaren 2020-2021eko programan sartu da lehen aldiz feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, Eskolaren testuinguruan ezagutza eta ikerketa feminista sustatzeko eta, horrela, udalerrian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide