'Altxa!' ikuskizuna aurkeztuko du Hamaika Garak

Erredakzioa 2020ko urr. 29a, 17:44
Dupla taldearekin amaituko da larunbateko saioa. / Hamaika Gara

Erabakitze eskubidearen aldeko saioak, besteak beste, Amets Arzallus, Eñaut Elorrieta, Iraia Elias eta Dupla taldea elkartuko ditu.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Hamaika Gara egitasmoak lehen mugarria jarriko du larunbatean, hilaren 31n, 18:00etan, Plateruena Kafe Antzokian eskainiko duen ekitaldiarekin. Gure Eskuk deituta, eta egitasmoaren sustatzaile diren beste 23 eragileekin batera, Altxa! izeneko ekitaldi politiko eta kulturala aurkeztuko dute. Internet bidez jarraitu ahal izango da ekitaldia, baina Araban, gainera, Gasteizen (Aldabe), Ondategin (Zigoitia aretoa) eta Amurrion (Katekesi aretoa) eskainiko dute saioa herrikideekin ikusteko aukera emanez.

40 minutu inguruko ikuskizun batekin hasiko da saioa. Azken hamarkadetan zehar bidaia bat proposatzen du Gotzon Barandiaran gidoilariak, euskaldunon erreferente kulturalak ardatz hartuta: "Gure herria etengabe egon izan da mugimenduan; behin eta berriz asmatu eta berrasmatu dugu nola egin aurrera". Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez, transmittu nahi izan dute herri gisa "nondik gatozen, nora goazen, bide horretan zer ebaki behar izan dugun, eta nola eraiki genezakeen etorkizun berri bat atzean utzitakoa galdu gabe". Gaztañagak azpimarratu du ikuskizuna espreski Altxa! ekitaldirako sortu dutela, ikusleek streaming bidez jarraituko dutela aintzat hartuz. Oholtza gainean ariko dira Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreak, Amets Arzallus bertsolaria, eta Eñaut Elorrieta eta Ruben Caballero musikariak.

Ikuskizunaren ondoren, Hamaika Gararen sustatzaileek hitzartze politiko bateratu bat egingo dute, hainbat ahotsetara, ekimena batzen ari den herritar eta eragileen aniztasuna ordezkatuz, antolatzaileek azaldu moduan. Ekimenaren helburuak zehaztu eta gizarteari erronka botako diote. Gainera, nazioarteko erreferentziazko pertsonen mezuak ere ikusi ahalko dira. Saioa amaitzeko, Dupla musika taldeak duela bi aste estreinatu eta milaka ikustaldi izan dituen Hamaika Gara abesta eskainiko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide