Koronabirusa

Greba Osakidetzan: kalitatezko osasun publikoa aldarrikatu dute Araban

Erredakzioa 2020ko urr. 29a, 13:00

Langileen mobilizazioa Txagorritxuko ospitalean, greba egunean. / ELA SINDIKATUA

Osasun publikoaren "egoera larriaren" aurrean sindikatuek Osakidetzan lurraldeka deitutako hiru greba egunetako lehena Arabako lantokietan izan da ostegun honetan. Eragina nabarmena izan da eta jarraipena zabala.

Hiru greba deialdi egin zituzten ELA, SATSE, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE eta UTESE sindikatuek Osakidetzan: urriaren 29an Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian. Horietako lehena ostegun honetan izan da, Arabako lantokietan.

Lehenengo greba egunaren eragina nabarmena izan da, bereziki hiriburuan. Izan ere, lanuzteak Gasteizko bi osasun zentro ixtea lortu du Olagibel eta San Martin, anbulatorioak hustu ditu, langile kopurua nabarmen murriztu du ospitale guztietan, eta atzeratutako kontsulten zerrenda luzea utzi du. Gainera, Gasteizko hamar osasun zentrotako administrari laguntzaileek jarduera eten dute eta ez dira artatzen ari; beste askotan gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean.

Gripearen aurkako txertoaren kanpaina izan da bete-betean eragindako zerbitzuetako bat. "Gripearen aurkako txertaketaz arduratzen diren erizainek dena gelditu dute; langileen haserrearen isla da", salatu dute sindikatuek. Arabako hiriburuko gune nagusia bihurtu den Iradier Arena itxita egon da.

Sindikatuen arabera, jarraipen "arrakastatsua" lortu du grebak: "Lehen arretako langile askok babestu dute, eta azpikontratek ere greba egin dute, gehiegizko zerbitzuen gainetik; garbiketan, %100ean".

Eusko Jaurlaritzak ohiko larunbat batean dauden langileen pareko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu osasun zentroetan eta ospitaleetan. Hala ere, Covid-19a duten pazienteak artatzeko zein kasu berriak atzemateko zerbitzuek plantilla osoa izaten jarraitu dute; PACeko, dialisi-prozesuetako eta tratamendu onkologikoetako plantillek bezala bezala.

Halaber, goizean zehar, Arabako lantokietan elkarretaratzeak egin dituzte, "osasungintza publikoaren defentsan". Mobilizazio jendetsuenetako bat Txagorritxu ospitaleko atarian egin dute hain zuzen ere, pandemia osoan zehar lurraldeko egoerarik zailena izan duen zentroa, eta ehunka langilek bat egin dute.

Muturreko egoera

Sindikatuek gogorarazi dutenez, ekainetik aurrera mobilizazio dinamika bat jarri zuten abian, "langileen eta herritarren babes zabalarekin". Haien ustez, ordea, Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailak eta Osakidetzak "ez dute mahai gainean jarri osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurririk, propaganda diskurtsoetaz harago". Are gehiago, Covid-19aren pandemiak larriagotu dituen arazoez gain, "azken urteotan horiek konpontzeko inolako borondaterik ez" duela izan leporatu diote Osakidetzari.

Alde batetik, Lehen Arretako osasun zentroetan "muturreko egoerari irtenbideak" bilatzea eskatzen dute. Izan ere, EAEko osasun publikoan egindako inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dagoela salatu dute: "Desinbertsio horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izan du osasun publikoak bizi duen egoera larrian; bereziki Lehen Arretan".

Gainerako arreta mailetan, ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean ere antzeko egoera bizi dela ohartarazi dute: "Giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan gainkarga sistematikoa, behin-behinekotasun tasa altuak, akidura fisiko eta emozionala, lan eskubideen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, babesgabetasuna eta lan osasunaren utzikeria", aipatu dituzte besteak beste.

Egiturazko eta sakoneko konponbideak

Aipatutako gabezi horiek osasun krisiaren ondorioz larriagotu egin diren arren, "urrunetik" datozela azpimarratu dute sindikatuek. "Ez dira desagertuko egiturazko eta sakoneko konponbideak martxan jartzen ez badira", ziurtatu dute.

"Ez da asmo oneko adierazpenak egiteko unea, ezta ezer konpontzen ez duten propaganda-diskurtsoak egitekoa ere. Ekiteko unea da, berehalako eta etorkizuneko neurriak abian jartzeko unea, azken urteetako murrizketa politikek eragin dituzten ondorio larriak iraultzeko", aldarrikatu dute.

Eusko Jaurlaritzari eskatu diote osasun publikoa "bere lehentasuna" bihurtu dezala: "Pandemiak argi erakutsi duen bezala, osasun sistema sendoa eta giza baliabide zein baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere".

Horretarako, "hitzetatik ekintzetara" pasatzea eta "premiazko" neurriak abian jartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, sindikatu guztiek adostutako aldarrikapen taula baten bitartez:

  • Osasun publikorako aurrekontu partidaren %25a Lehen Arretara bideratzea, Europa Batasuneko batez bestekoaren parean.
  • Plantilla handitzea, "iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz".
  • Behin-behineko langileen finkapena, plantilla egonkortzeko.
  • Murrizketa guztiak lehengoratzea eta akordio arautzaile berri bat negoziatzea 2009tik iraungita baitago: "Erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala eta erretiro aurreratuaren primak", besteak beste.
  • Egindako pribatizazioak lehengoratzea, enplegua mantenduz.
  • Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak,"bai koronabirusaren aurrean, baita haien eguneroko lanean ere".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago