"Eusko Jaurlaritzak mobilizazioren bidea baino ez digu utzi", deitoratu dute sindikatuek. Eta hiru greba egun deitu dituzte Osakidetzan: urriaren 29an Araban, azaroaren 5ean Gipuzkoan eta azaroaren 12an Bizkaian.
Sindikatuek gogorarazi dutenez, ekainetik aurrera mobilizazio dinamika bat jarri zuten abian, "langileen eta herritarren babes zabalarekin". Haien ustez, ordea, Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailak eta Osakidetzak "ez dute mahai gainean jarri osasun publikoak pairatzen dituen gabezi larriak arintzeko neurririk, propaganda diskurtsoetaz harago". Are gehiago, Covid-19aren pandemiak larriagotu dituen arazoez gain, "azken urteotan horiek konpontzeko inolako borondaterik ez" duela izan leporatu diote Osakidetzari.
Alde batetik, Lehen Arretako osasun zentroetan "muturreko egoerari irtenbideak" bilatzea eskatzen dute. Izan ere, EAEko osasun publikoan egindako inbertsioa Europako batez bestekoaren azpitik dagoela salatu dute: "Desinbertsio horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena izan du osasun publikoak bizi duen egoera larrian; bereziki Lehen Arretan".
Gainerako arreta mailetan, ospitaleetan eta osasun mentaleko sarean ere antzeko egoera bizi dela ohartarazi dute: "Giza baliabideen eta baliabide materialen eskasia, lan gainkarga sistematikoa, behin-behinekotasun tasa altuak, akidura fisiko eta emozionala, lan eskubideen murrizketak, zerbitzuen pribatizazioa, babesgabetasuna eta lan osasunaren utzikeria", aipatu dituzte besteak beste.
"Egiturazko eta sakoneko konponbideak"
Aipatutako gabezi horiek osasun krisiaren ondorioz larriagotu egin diren arren, "urrunetik" datozela azpimarratu dute sindikatuek. "Ez dira desagertuko egiturazko eta sakoneko konponbideak martxan jartzen ez badira", ziurtatu dute.
"Ez da asmo oneko adierazpenak egiteko unea, ezta ezer konpontzen ez duten propaganda-diskurtsoak egitekoa ere. Ekiteko unea da, berehalako eta etorkizuneko neurriak abian jartzeko unea, azken urteetako murrizketa politikek eragin dituzten ondorio larriak iraultzeko", aldarrikatu dute.
Eusko Jaurlaritzari eskatu diote osasun publikoa "bere lehentasuna" bihurtu dezala: "Pandemiak argi erakutsi duen bezala, osasun sistema sendoa eta giza baliabide zein baliabide material nahikoak izatea ezinbestekoa da ongizate kolektiborako; egiturazko gabeziek, pertsonen ongizatea ez ezik, gure garapen soziala baldintzatzen dute, baita ekonomikoa ere".
Horretarako, "hitzetatik ekintzetara" pasatzea eta "premiazko" neurriak abian jartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, sindikatu guztiek adostutako aldarrikapen taula baten bitartez:
- Osasun publikorako aurrekontu partidaren %25a Lehen Arretara bideratzea, Europa Batasuneko batez bestekoaren parean.
- Plantilla handitzea, "iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko plantillan txertatuz".
- Behin-behineko langileen finkapena, plantilla egonkortzeko.
- Murrizketa guztiak lehengoratzea eta akordio arautzaile berri bat negoziatzea —2009tik iraungita baitago—: "Erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala eta erretiro aurreratuaren primak", besteak beste.
- Egindako pribatizazioak lehengoratzea, enplegua mantenduz.
- Langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak,"bai koronabirusaren aurrean, baita haien eguneroko lanean ere".