TOKIKOM Sariak

Publikoak bozketa bidez erabaki ahalko du Tokikom Sarien 2020ko edizioan

Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 17:17

Tokikom Sarien laugarren edizioaren ekitaldia, 2019an. / TOKIKOM

Tokikom Sarien bosgarren edizioaren berrikuntza gisa, irakurleek bozketa bidez erabaki ahal izango dute Komunitatearen Saria.

Bosgarren urtez jarraian, Tokikomek Tokikom Sariak emango ditu aurten ere, toki komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Sariok Tokikomek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, antolatzen ditu, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Osasun egoera asko baldintzatzen ari da komunikabideen jarduna, baita sari hauen antolaketa ere. Tokikomek egokitzapen txiki batzuk egin dizkio sariketaren mekanikari, egoera berrira moldatu eta haren helburuari ahalik eta ondoen eutsi ahal izateko.

Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahaiak hiru sari emango ditu, azken urtean euskarazko toki komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko. Epaimahaia Euskal Herriko Unibertsitateko Tania Arriagak eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Zuriñe Maguregik osatzen dute.

Haiek arduratuko dira komunikabideek proposatutako 52 lanen artean azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onena aukeratzeaz.

 

Komunitatearen saria

Berrikuntza gisa, laugarren sari bat ere izango da aurten: Komunitatearen saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalistaren artean, publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eramango du sari hori, toki komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari sariotan ere bere ahotsa emateko asmoz.

Bederatzi lan horien artean bozketa egiteko aukera azaroaren 8ra arte dago zabalik.

Tokikometik gonbidapena zabaldu dute euskarazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei bozketan parte hartzeko. Joxe Rojas Komunikazio Arduradunak azaldu duenez, "alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko, eta, bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela aukeratutako lanen kalitatearekin".

Ezohiko sari banaketa

Tokikom Sarien banaketa azaroaren bukaera aldera izango da. Normalean, aurreko edizioaren irabazlearen herrian izaten da sariketa, jardunaldi presentzial batean, baina aurten ere berrikuntzak egongo dira zentzu horretan, osasun eta segurtasun egoera aldakorrek hala behartuta.

Sari banaketaren inguruko xehetasunak egun gutxi barru jakinaraziko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago