Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lana saritu nahi dute, eta, aurten, azaroaren 26an ospatuko da Lazarraga Sarien seigarren edizioa. Sariek Juan Perez Lazarraga aitzindariaren izena hartzen dute.
Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko foru zuzendariak eta Rober Gutierrez Bai Euskarariko zuzendariak "erakunde askok euskara egunerokotasunean txertatzeko egiten duten ahalegina" nabarmendu dute sarien aurkezpenean.
Ahalegin hori aitortzeko asmoz, Arabako Lurralde Historikoko zein Trebiñuko enklabeko bost erakunde edo pertsona fisiko sarituko dira, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lan eta ekimenengatik. Epaimahaiak hainbat aldagai hartuko ditu kontuan: zerbitzua eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak, lana euskaraz egiteko baliabideak, barne-dokumentazioa eta kanpo-komunikazioa, hizkuntzaren ingurunea, Lanbide Heziketako euskarazko praktikak enpresetan, euskaraz egindako prestakuntza, edota eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko egindako beste neurriak, besteak beste.
Hautagaitzak
Urriaren 30era arte egongo da zabalik hautagaitzak aurkezteko epea, eta hainbat bide egongo dira proposamenak egiteko:
- Arabako Foru Aldundiaren Erregistroan.
- Emailez: afa-dfa@araba.eus helbide elektronikora.
- Twitterren: #LazarragaSariak2020 traola erabiliz edo @LazarragaSariak aipatuz.
- Facebooken: Lazarraga orrialdean.
- euskaraba.eus eta baieuskarari.eus atari digitalen bidez.
Azken izendapenak eta irabazleak erabakiko dituen epaimahaia Lanabes – Araban Euskara Lanean proiektuaren talde eragileak osatuko du. Irabazleek Lazarragaren eskuizkribuan oinarritutako litografia eta eskuizkribua jasoko dute.
Saridunak
2012an lehen aldiz banatu ziren Lazarraga Sariak, eta, ordutik, saridun ugari izan dira ospatutako bost edizioetan:
- 2018: Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, Trebiñu Sagardotegia, Baiona Hortz Klinika, Gamarrako Ostalaritza Eskola eta Paul Urkijo.
- 2016: Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardin.
- 2014: Besa Upategia, Electra Vitoria, Oreka IT, Agirre Lekue botika eta Aner Garmendia.
- 2012: Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometus, Assa Ikastola eta Villa Lucia.
- 2010: Kepa Mendia, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, JEZ Trenbide Sistemak, Skunk Funk eta Launa Upategia.
Euskara eguneroko zereginetan
"Berrikuntza sozialean lan egiten duten enpresak euskara txertatzeko erronkari aurre egiten ari dira gaur", azaldu du Ugarte Aretxagak. "Gero eta herritar elebidun gehiago dituen gizarteak gero eta aukera gehiago bermatu behar ditu euskara erabiltzeko, eremua edozein dela ere. Eskolan hasi zenetik, Lanbide Heziketan jarraitu du, eta, ondoren, lan munduan ere errotu da".
Gero eta enpresa arabar gehiagok sartzen dute gure lurraldeko euskararen kudeaketa eguneroko zereginetan, bezeroekiko edo hornitzaileekiko harremanetan. Horren adibide dira Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiriak lortu dituzten enpresak, eta baita euskara plan bat dutenak.