Koronabirusa

"Onartezina da pandemiaren bigarren fasean hainbeste kutsatze eta heriotza izatea"

Erredakzioa 2020ko urr. 27a, 12:17
Prentsaurrekoa egin dute goizean adinekoen senideek eta pentsiodunek. BABESTUARABA

Larunbat honetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, deitu dituzten manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute zaharren egoitzetako erabiltzaileen elkarteek eta pentsiodunen mugimenduak.

Zahar-egoitzetako erabiltzaileen elkarteek –Arabako eta Bizkaiko Babestuk, Gipuzkoako Senideek, Irauli Zaintzak eta Arabako egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaileen senideek–, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera, "adineko pertsonarik ahulenek" bizi duten egoeraz ohartarazi dute, "bereziki egoitzetako, eguneko zentroetako edo etxez etxeko laguntza- zerbitzuetako erabiltzaileek eta haien senitartekoek egun bizi duten egoera". 

Larunbat honetan Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean antolatu dituzten manifestazioak aurkezteko agerraldi publikoa egin dute goizean. Horretan esan dute adinekoen zaintzara bideratutako egoitza eta zerbitzuetan ez ari direla betetzen koronabirusa saihesteko protokoloak. "Onartezina da pandemiaren bigarren fasean hainbeste kutsatze eta heriotza gertatzea. Langileentzat eta erabiltzaileentzat ez dira behar beste prebentzio-neurri aplikatzen".

Gainera, Osakidetzak egoitza pribatuetan eta itunduetan dauden adinekoen osasunaren arreta "alde batera utzi" duela salatu dute. "Horrek ahalbidetzen du egoitzetan osasun-laguntza pribatua eta kasu gehienetan prekarioa ematea. Horrela, egoiliarren osasuna hondatzen doa larriki", azpimarratu dute prentsaurrekoan.

Erakundeei deia

Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen elkarteek eta pentsiodunek administrazio publikoen –Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien–papera ere hizpide izan dute agerraldian. Senideen aburuz, zahar egoitzetan gertatzen ari denaz azalpenak eman beharko lituzkete arduradun politikoek, alegia adinekoek eta haien zaintzaileek "zergatik jasan behar dituzten aurreikuspen ezaren eta kudeaketa txarraren ondorioak". Ildo horreretan, deitoratu dute "700 nagusi hil ondoren", erakundeek autokritikarik egin ez izana.

Sektoreko gizarte eragileen parte-hartzea ezinbestekoa ikusten dute senideen elkarteek eta pentsiodunek gaurko egoera hobetzeko. "Parte hartu nahi dugu pandemiari aurre egiteko abiatu diren neurrien eta protokoloen ebaluazioan, baita bisiten eta irteeren kudeaketan ere", esan dute. Eta era berean, adinekoen arreta eredua aldatzeko beharra galdegin dute, gaurkoa "errentagarritasun ekonomikoa besterik bilatzen ez duen merkataritza- irizpideetan" oinarritua dagoela uste baitute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide