Valladolid 0 - 2 Alaves

Alavesek gora egiteko garaipena lortu du

Ibon Gorrisi 2020ko urr. 25a, 19:11
Bigarren zatia hasi bezain pronto, Alavesek berehala bideratu du norgehiagoka. / @ALAVES

Merezimendu osoz, Valladolid taldeari 0-2 irabazi dio Alavesek. Balio handiko garaipena, etxetik kanpo.

Valladolid

0

Alaves

2

Balio handiko garaipena lortu du Alavesek etxetik kanpo. Alde batetik, mailari eusteko borrokan Valladolid aurkari zuzena delako. Bestetik, talde arabarrak puntuak behar dituelako gora egiteko eta zulotik, jaitsiera postutik, ateratzeko. Beraz, Tomas Pina eta Borja Sainz golegileei esker 0-2ko emaitzarekin nagusitu zaio Pucelako taldeari.

Partidaren hasieran, bi taldetako jokoan urduritasuna izan da nagusi. Ez bata ez bestea ez dira gauza izan behar bezala jokaldiak egiteko. Talde lana egin beharrean, bakoitzak bereari ekin dio inongo loturarik gabe. Joan etorri horretan, partidako jokaldirik erabakigarriena gertatu da.

Partidaren hasieran, bi taldetako jokoan urduritasuna izan da nagusi

Izan ere, Lucas Perez aurrelaria bakar bakarrik geratu da Roberto atezainaren aurrean; jaurtitzea lortu du, baina Nachok, atzetik etorrita, bultzada txikia eman dio. Hasiera batean epaileak penaltia adierazi du, eta txartela horia erakutsi dio Valladolideko jokalariari. VAR erabili ondoren, berriz ere penaltia adierazi du, eta Nachori txartel gorria zuzena erakutsi dio. Bazirudien partida hor bideratuko zuela talde arabarrak.

Baina nolakoak diren gauzak. Lucas Perezek baloia langara bidali du, eta aukera paregabe hori besterik gabe galdu da. Halere, minutu asko gelditzen ziren, eta etxeko taldeak hamar jokalariekin aritu behar zen. Norgehiagoka berria hasi da. Hortik aurrera, Alaves nagusi izan da berdegunean, eta baloia patxadaz erabili du alderik alde zirrikituak aurkitzeko. Atsedenaldira gutxi falta zela, Lucas Perezek ikaragarrizkoa gola egin du, baina berriz ere epaileak VAR erabili du eta baliogabetu egin du. Hau pena, egindako jokaldiak gola merezi zuelako. Gauzak horrela, golik gabeko berdinketarekin joan dira jokalariak aldageletara.

0-1ekoarekin patxadaz aritu da talde arabarra eta ondo eutsi dio etxeko taldeak egindako kontraerasoei

Bigarren zatia hasi bezain pronto ikusi da Alavesek aukerak izango zituela gola lortzeko. Beste kontua asmatzea izango zen. Halere, berehala bideratu du norgehiagoka. 54. minutuan, Tomas Pina erdilariak Lucas Perez eta Jota Peleteiroren arteko jokaldiari amaiera ezin hobea eman dio. 0-1ekoarekin patxadaz aritu da talde arabarra eta ondo eutsi dio etxeko taldeak egindako kontraerasoei.

Partida bukatzear zela, Borja Sainzek bigarrena egin du eta lasaitasun ikaragarria eman dio taldeari partida behar bezala bukatzeko.

Denboraldiko bigarren garaipena, hiru puntu behar beharrezkoak, golak egin eta ez jaso, eta sailkapenean aurrerapauso galanta. Hurrengo larunbatean, urriak 31, gaueko 21:00etan, Mendizorrotzan, Bartzelona ahalguztiduna izango dugu bisitari. Ea garaipenaren bidean jarraitzen duen taldeak.

Hamaikakoak

  • Valladolid:Roberto; Janko (80’. Oscar Plano), El Yamiq, Joaquin, Nacho; Toni Villa (59’. Marcos Andre), Orellana, Ruben Alcaraz, Kike (59’. Roque Mesa); Sergi Guardiola, Weissman (Raul Carnero).
    • Txartel horia: 43’. Toni Villa.
    • Txartel gorria: 20’. Nacho.
  • Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune; Ruben Duarte, Edgar Mendez (83’. Martin), Tomas Pina, Battaglia, Jota Peleteiro (83’. Manu Garcia); Lucas Perez (83’. Borja Sainz), Joselu (71. Deyverson).

Golak

  • 0-1: 54’. Tomas Pina.
  • 0-2: 85’. Borja Sainz.

Jose Zorrilla futbol zelaiko harmailak

Ohi bezala, harmailak hutsik baina koloredunak. Izan ere, telebistaz ikusita ematen du mosaikoak daudela jarrita. Ordezko jokalariak musukoarekin eserita izan dira, harmailetan segurtasunezko neurriak mantenduz. Epaileak ohi baino gehiago erabili behar izan du VAR. Halere, norgehiagoka bide onetik joan da, epaileak oso txartel hori gutxi erakutsi dituelako.

Alde Zaharreko tabernetan partidari begira

  • Bazkaltzeko ordua eta bi taldeek puntuen gosea. Zorrilla futbol zelaian Alavesek beti emaitza onak lortu ditu. Ea gaurkoan hiru puntuak lortzen ditugun!
  • Beti joko sistemarekin bueltaka, gaur hamaikakoa ikusita ematen du 4-4-2koarekin jokatuko dutela. Egia esanda, garrantzitsuena talde bezala aritzea eta jokalari guztiek bat egitea irudi ona emateko, gutxienez.
  • Beno, betiko neurketa izango dela ematen du. Joan etorrian da partida, ea kontraeraso batean gola egiten dugun!
  • Zer-nolako aukera Lucas Perezek izan duena! Itxaron, penaltia, penaltia da. Bai, epailea VAR erabiliko du. Bai, bai, penaltia eta txartel gorria azken jokalaria delako. Hortxe, hortxe gure aukera aurreratzeko markagailuan. Baina, langara, langara, baina zer da hau!! Lucas, Lucas, mesedez! Ze aukera galdu duguna! Beno, gutxienez, haiek hamarrekin gelditu dira.
  • Goooooool, goooooool. Hori da hori, gola egitea! Lucas Perezek zartako ikaragarria eta gola. Berriz ere VAR, itxoin, itxoin… Bertan behera utzi du epaileak. Jota Peleteiro jokoz kanpo zegoela. Hau pena! Hau pena!
  • Partida ezin dugu galdu. Galduz gero Machin entrenatzaileak marakak beste nonbaiten joko ditu. Ez dago galtzerik. Haiek bat gutxiagorekin ari dira.
  • Beno, bada, momentuz golik gabeko berdinketa eta aldageletara.
  • Bigarren zati honetan gola egin behar da, bai ala bai.
  • Ea Lucas Perezek zorte izaten duen! Partidako jokalaririk onena izaten ari da. Merezi du gola egitea.
  • Goooooooool. Hortxe, hortxe, ze jokaldi zoragarria egin duten. Lucas Perez, Jota eta azkenik, Tomás Pinak gola egin du. Ze ondo! Hor dago garaipena. Hiru puntu hauek ze gozoak.
  • Orain partida amatatu egin behar da. Bigarren gola egin behar da eta kitto.
  • Hori da hori! Bigarrena eta hiru puntuak. Ze ondo! Behar beharrezkoak dira eta hurrengo norgehiagoka Bartzelonaren aurka. Ez legoke batere gaizki izango garaipena lortzea!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide