Joventut 83-82 Baskonia

Baskoniak, nahi eta ezin

Aritz Mtz. de Luna 2020ko urr. 24a, 22:54
Hiruko jaurtiketan negargarri aritu dira gasteiztarrak. / Argazkia: @ligaEndesa

Azken laurdenean partida berdintzea lortu duen arren, azken jokaldiak garaipena eman dio Joventuti.

Joventut

83

TD Systems Baskonia

82

Lehen zati negargarria jokatu du Baskoniak; defentsarako gogorik gabe eta erasoan ganorazko jokaldi bakar bat behar bezala antolatu ezinda ibili da taldea. Hiruko jaurtiketan bilatu du taldeak konponbidea, eta uztaila zulatzeko arazoak izaten direnean sekula ez da erabaki onena izaten. Hogei jaurtiketa egin ditu Baskoniak hiruko marratik lehen zatian, eta lau besterik ez ditu eskuratu. Portzentaia negargarri horrekin, hamabost puntu atzetik joan dira gasteiztarrak aldageletara (47-32).

Ivanovicek, seguruenik, purrustada ederra botako zien jokalariei aldageletan eta, jokalarien jarrera aldaketa ikusita, eraginkorra izan denik ezin ukatu. Defentsa gogortu du taldeak bigarren zatian; horrek, jokoaren erritmoa ezartzeko aukera eman dio eta pixkanaka markagailuan aldea murriztea lortu du Baskoniak.

Partida bukatzeko sei minutu falta zirela, berdinketa izan da bi taldeen artean (65-65). Are gehiago, minutu pasatxo falta zela, Baskoniak bost puntuko aldea izan du eskura (76-81).

Baina gaur iluntzean Joventut hobea izan da, eta batzuk egindako lan guztia alferrik izan behar zela pentsatzen hasiak zirenean, Badalonakoek ez dute amore eman. Garaipena eskuratu zezaketela pentsatzen jarraitu dute, eta hala izan da beraien zorionerako. Azken erasoan Ferran Bassas bakarrik utzi du Baskoniaren defentsak eta garaipena balio izan duen hirukoa eskuratu du.

Oso maila parekatua dago gaur egun taldeen artean, eta, berrogei minutuetan partidan buru-belarri egon ezean, oso zaila da garaipena lortzea. Ez da lehen aldia, aurtengo denboraldian, Baskoniak egoera hori bizi behar izan duena; eta gaurko porrotetik zerbait ikasi beharra izango du taldeak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide