Araban hutsik dauden etxebizitza kopurua erdira jaitsi da, bi urteko epean. Hala jakinarazi du EAEko Etxebizitzako Behatokiak, berriki plazaratu duen Etxebizitzari buruzko txostenean, 2019ko datuak aintzat hartuta. 2017an 10.691 etxebizitza huts zeuden probintzian, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, eta 2019an 5.073 ziren. Alegia, duela hiru urte ehun etxebizitzatik sei hutsik zeuden, eta iaz ehunetik hiru zeuden erabilerarik gabe. Datu horiek, ordea, ez dute etxebizitzen prezioaren jaitsiera ekarri; alderantziz, azken bi urteetan igo egin da.
Txostenaren datuak zenbait multzotan sailkatzen ditu erabilerarik gabeko bizitokiak, 2015eko EAEko Etxebizitza Legearen irizpideak aintzat hartuta. Esan bezala, 2019ko txostenaren arabera 5.073 bizilagunik gabeko etxe zeuden, baina horietatik 2.163 salgai edo alokatzeko moduan zeuden. 953 osasun edo lan egoerengatik hutsik zeuden, edota GKEen esku. Azkenik, 442 bi urteko epean erabili zituzten; legeak denbora muga hori ezarri zuen etxebizitza huts izendatzeko. Horiek kenduta, Etxebizitza Sailak 1.515 bizitokitan esku hartu dezake. Esku hartze hori oraingoz ez da zigortzailea. Izan ere, etxebizitza hutsei kanona ezartzeko araudia ez da onartu oraindik. Datorren urtean hel daitekeela aurreratu du Eusko Jaurlaritzak.
"Sustapen politiketara jo behar dugu, beste ezer egin aurretik"
Mario Yoldi, Etxebizitza Plangintza
Txostenean ageri den jaitsiera horrek ez du zerikusirik Bizkai eta Gipuzkoako datuekin. Beste bi eskualdeetan jaitsiera egon da, baina ez Araban gertatutakoaren tamainakoa. Gipuzkoan %25 jaitsi dira hutsik dauden etxebizitzak, eta Bizkaian %11. Datu horiek ulertzeko gako bat eman du Mario Yoldik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintza eta Prozesu Eragileen zuzendariak: azken urteetan eraikuntzan egon diren aldaketak. "Etxebizitza eraikitzeari utzi zitzaion, baina jendeak behar hori izaten jarraitzen du, eta horrek tentsioa eragin du merkatuan".
Yoldik gogora ekarri du Gasteizek baldintzatzen dituela Arabako datuak, bertan dagoelako biztanle gehien. Bada, Gasteizen badira "urte asko" non ez baita apenas eraiki, eta horrek eskariaren gorakada ekarri duela hausnartu du Yoldik. "Hutsik dauden etxeak stock gisa funtzionatzen dute, uneren batean merkatura daitezkeen biltegiratutako bizitokiak baitira". Eskari horren aurrean Araban etxebizitza hutsak zituzten jabe batzuk haien etxebizitza eskaintzea erabaki dute; horrela arrazoitu dituzte aipatu txosteneko datuak.
Prezioak, gora
Esan bezala, etxebizitza huts asko merkatura heldu diren arren, batez besteko prezioak igo dira Araban. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen etxebizitza eskaintzaren azterketaren arabera, 2017-2019 epea aintzat hartuta, salerosketarako bigarren eskuko etxebizitzen prezioa %2,7 igo zen. 70 metro koadroko etxebizitza bat batez beste 163.000 euro balio izatetik, 167.500 euro balio izatera pasa zen. Bizkai eta Gipuzkoan bigarren eskuko salerosketaren prezioa jaitsi zen.
Arabako alokairuko etxebizitzen errentan egon da igoerarik altuena. Hori adierazteko estatistika ezberdinak daude. Eustatek 1994tik egiten duen etxebizitza eskaintzaren azterketaren arabera, alokairua %30 igo zen: 709 eurotik 917 eurora. Etxebizitza Plangintza eta Prozesu Eragileen zuzendariak alokairuen errenten igoera egon dela aitortu du, baina Eustaten datu horiek tentuz hartzeko eskatu du. Izan ere, Eustatek baliatzen dituen datuak etxebizitzen salerosketa eta alokairuan lan egiten duten profesionalek emandakoak dira: hots, merkatuan dauden etxebizitzen datuak. "Alokatzen edo saltzen ez diren etxebizitzekin egindako estatistikak dira, hau da, bizitoki garestienekin". Estatistika horiek egiteari utziko diotela iragarri du, eta aurrez aipatutako datuak beharrean, jabetzaren erregistratzaileen datuak hartuko dituztela azaldu du.
Eusko Jaurlaritzak Bizilagun bitartekaritza zerbitzuaren bitartez erregistratzen dituen alokairuen datuetan jarri du arreta Yoldik: Alokairuaren Merkatuaren Estatistika. Araban 6.512 alokairu kontraturen datuak aintzat hartzen ditu, 2016tik 2018ra. Epe ezberdina bada ere, prezioen igoera antzematen da. 2016an Arabako batez besteko alokairua 564 eurokoa zen, eta 2018ko azken hiruhilekoarena 631 eurokoa. Alegia, bi urtean %12 igo ziren alokairuen prezioak estatistika horren arabera. Batez besteko errenten gorakada egon den arren, Yoldik nabarmendu du ez dela heltzen EAEko beste bi hiriburuetakoen mailara.
Makila heldu arte, azenarioa
Etxebizitza hutsen jaitsieraren arrazoia aurrez aipatutako "merkatuaren tentsioan" kokatu du Yoldik, baina, aldi berean, aipatu du Eusko Jaurlaritzak zeresana izan duela horretan. Izan ere, hutsik egoteari utzi dioten etxebizitza horietako batzuk kudeatzen hasi da, eskaintzen dituen programen bitartez. Programa horiek abantailak eskaintzen dizkiete erabili gabeko bizitokiak Eusko Jaurlaritzaren bitartez merkaturatzen dituzten jabeei. Ordea, ondo bidean, datorren urtean beste tresna batzuk abiaraziko dituztela iragarri du: hutsik dauden etxeei kanona, besteak beste.
Bizigune programak izan duen gorakadan jarri du arreta Yoldik. Horren bitartez jabe pribatuek etxebizitza Eusko Jaurlaritzaren esku uzten dute sei urterako, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuko zerrendetan dauden herritarrei eskaini diezaien. Jabeari, segurtasun juridikoa jasotzearen truke, "zentzuzko errenta" ordaintzen dio administrazioak: 2019an 486 euroko errenta jaso zuten, eta maizterrek 236 euroko errenta ordaindu zioten Jaurlaritzari, batez beste.
"Larrialdi egoera da, eta, gure lege proposamena onartuta, berehala aplika liteke hainbat eremutan"
Unai Fdz. de Betoño
Bizigune programa, hutsik zeuden etxebizitzak hartzeari esker, aurrez finkatutako helburuak gainditu dituela azaldu du Mario Yoldik. Araban ia 1.000 etxebizitza kudeatzen ditu Etxebizitza Sailak, horren bitartez. "Jabeak pozik daude; horren erakusgarri da kontratua berritzen dutela, sei urteko epea pasa eta gero". Horrez gain, nabarmendu du etxebizitza hutsak zaharberritzeko laguntzak biderkatu direla, eta urtez urte marka berria ezartzen dela. Bada, Eusko Jaurlaritzaren zaharberritzeko laguntzetara jotzen duten jabe batzuk abantaila gehigarriak dituzte, gero egokitu den bizitokia Bizigune programan sartuz gero.
Politika horiek guztiak –Bizigune edota zaharberritzeko laguntzak- "azenarioen" multzoan sartu ditu Yoldik. "Sustapen politikak dira, eta horietara jo behar dugu beste ezer egin aurretik". Esan bezala, Etxebizitza Sailak ez du neurri zigortzaileak ezartzeko aukerarik, arlo horren arautegia onartu bitartean. Datorren urtean hori onartuz gero kanon bat ezartzeko aukera izango du, 10 eurokoa da metro koadroko, urtean: hots, 75 metroko bizitoki baten jabeak 750 euro ordaindu beharko ditu urtean, Eusko Jaurlaritzaren eskariei muzin egiten badie. Hori, baldin eta etxebizitza huts gisa hartzeko baldintzak betetzen baditu. Horrez gain, baldintzak emanez gero, behin-behineko behartutako desjabetzeak egin ahal izango ditu administrazioak.
Alokairua legez ezartzeko aukera
Alokairuko prezioen gorakadaren aurrean, EH Bilduk errenta horiek arautzeko Lege Proposamen bat aurkeztu du berriki. Unai Fernandez de Betoñok azaldu du Arabako prezioak Gipuzkoa edo Bizkaikoen azpitik egon arren, azken urteetan batez besteko igoera handiagoa izan dutela. Horri heltzeko, legearen hainbat gako nabarmendu ditu. Lehenik eta behin, gehienezko prezioak eremu zehatzetan baino ez lirateke arautuko, "merkatu tenkatuko" egoera dagoenean. Hots, auzo batean baldintza zehatzak betetzen badira –prezio oso altuak, eskaintza eta eskariaren arteko desoreka…– esku hartu ahalko litzateke. "EAEko Etxebizitza Legean 'merkatu tenkatuaren' antzeko figura dago", azaldu du Fernandez de Betoñok.
Errentak arautzeko baldintzak beteko balira, eta betiere mugatutako eremu horretan, ohiko etxebizitza izatera bideratuta dauden merkatu libreko bizitokiei eta ikasleen pisuei eragingo lieke, eta behin-behineko neurria izango litzateke. Horrez gain, neurria behin-behinekoa izango litzateke, bost urterako. "Eguneratuz joan beharko litzatekeen tresna da". Egungo egoera aintzat hartuta, legea indarrean sartuz gero, eremu batzuetan esku hartzea proposatu du EH Bilduk. "Gure ustez dagoeneko larrialdi bat dago, eta proposatu dugu, legea onartuz gero, 2016-2018 epean %8 baino gehiago garestitu diren errenta eremuetan aplikatzea merkatu tenkatuko egoera". Horrek Gasteizko hainbat auzori eragingo lieke: Errota, Pilar, Txagorritxu, Babesgabetuak, Zaramaga, Anglo-Vasco, Arana, Judimendi, Ariznabarra eta Lakua-Arriaga.
Aldaketa horiek egiteko modua EAEko Eskubide Zibilaren 2015eko legearen moldaketa litzateke, bertan titulu berri bat txertatuta. "Kataluniako Legearen bidetik doa, eta, bide batez, orain Espainiako Gobernuak esan duenaren ildotik". Mario Yoldik jakinarazi du Eusko Legebiltzarrak ez diela oraindik bidali proposamen hori, baina, behin esku artean dutenean, aztertuko dutela.