Alavesek susperraldia behar du

Ibon Gorrisi 2020ko urr. 23a, 13:56
Alaves 0 - 2 Elche, azken partidaren irudi bat. / LA LIGA

Aurreko denboraldian amaitu bezalaxe hasi du liga Alavesek, sentsazio txarrak agerian utziz. Emaitzei dagokienez, jokatutako sei partidetatik bakarra irabazi, bat berdindu eta lau galdu ditu. Emandako itxura ere eskasa izan da. Horren ondorioz, taldea jaitsiera postuetan dago.

Pablo Machin entrenatzaileak denboraldiaren hasiera argi eta garbi adierazi zuen: "Gure helbururik behinena mailari eustea da". Bidea hasi besterik ez da egin, baina taldea gaizki dabil. Ezinean. Joko gutxi, alaitasunik eta ausardiarik gabe. Hurrengo norgehiagokan, Valladoliden aurka, susperraldia izatea behar-beharrezkoa baita, ezbairik gabe. Puntuak ahalik eta lasterren batzea komenigarria da gerora estutasunik ez izateko.

Beraz, igande honetan eguerdiko 14:00etan aukera paregabea izango du talde arabarrak etxetik kanpo lehen garaipena lortu ahal izateko. Gainera, aurkari zuzen baten aurka ariko da.

Puntuak ahalik eta lasterren batzea komenigarria da gerora estuasunik ez izateko

Jokoa

Taldeak duen arazo nagusietariko bat da defentsa lanetan erakutsitako sendotasunik eza. Atzean eginiko akatsak erabakigarriak izan dira partiden bilakaerarako. Betisen aurka kontzentraziorik ezak porrota ekarri zuen. Granada eta Vila-real taldeen kontrako partidak atzealdeko hutsak nabarmenak izan ziren.

Atzealdeko lerro horretan entrenatzailea aldaketak egiten ari da. Taldeak erdiko hiru atzelari eta hegaleko bi luzerekin jokatuko du, baita lauko defentsarekin ere. Halere, ez dut uste hainbesteko aldea dagoenik lauko defentsatik hirukora. Taktikoki badaude ñabardurak, noski; baina partidak, azkenean, talde lanari esker erabakitzen dira.

Zelai erdian ere hankamotz dabil taldea. Ez du joko askorik sortzen, eta baloia ondo erabiltzea kostatzen zaio. Hori bai, zelai erdiko jokalariek lan ikaragarria egiten dute. Izan ere, baloi bakoitza azkena balitz bezala lehiatzea izan da taldearen ezaugarririk nagusiena eta aurrerantzean ere izango da. Hor ez dago zalantzarik.

Baloi bakoitza azkena balitz bezala lehiatzea izan da taldearen ezaugarririk nagusiena

Aurrealdean futbolaren saltsa eta perrexila dugu, gola. Hor ere gabeziak nabarmenak dira. Aurreko denboraldiko azken txanpan bezalaxe taldeak gol faltarekin jarraitzen du. Jokaturiko sei partidetan hiru gol bakar-bakarrik egin dituzte. Okerrena da gol aukera gutxi sortzen dituztela. Hor dago gakoa.

Hortaz, esan gabe doa Alavesek asko duela hobetzeko, oraindik badago denbora bolada onak lortzeko. Entrenatzaileak badu lana oraindik. Fitxaketa berriak etorri dira, eta horiek aurrerapauso eman behar dute taldearen maila hobetzeko.

Taldeak oldarkorra izan behar du, baloiarekin eta baloirik gabe. Presio ikaragarria egin behar du, eta ahalik eta lasterren baloia berreskuratu. Azken finean, denak bat egin behar dute puntuak lortzen hasteko. Ea hemendik aurrera joko alaia ikusten dugun!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide