'Barbara'

Haize boladak Araba astindu eta 161 larrialdi-jarduketa eragin ditu

Erredakzioa 2020ko urriaren 21a

Suhiltzaileek 161 jarduketa egin behar izan dituzte Arabako hainbat puntutan. / @BomberosAraba

Barbara izeneko haize boladaren astinduak esku hartze ugari egitera behartu ditu Arabako suhiltzaileak. 126 kilometro orduko abiadurara iritsi den haizeak zuhaitzak, adarrak, edukiontziak eta goi-tentsioko dorre bat bota ditu.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, SOS Deiak zerbitzuak haizeagatik aktibatutako alerta laranjarekin lotutako 1.044 jarduketa kudeatu ditu astearteko 15:00etatik asteazkeneko 6:00etara. Jarduketa horietako 161 Araban izan dira, eta gehienak kalean eroritako zuhaitzekin eta haizeak mugitutako edo iraulitako edukiontziekin erlazionatuta zeuden.

Halaber, gorabehera gehienak 689 15:00etatik 00:00etara jazo dira. Une horretatik aurrera, haizea baretu eta jarduketak gutxitzen joan dira pixkanaka.

126 kilometro orduko

Lurraldeko gunerik irekienetako bat den Zaldiaran mendian eguneko boladarik indartsuena atzeman da. Gasteiztik 10 kilometro baino gutxiagora dagoen Euskalmeteko estazioak, 124,5 kilometroko neurketa egin zuen 23:00etan; eta goizaldean neurgailuak 126 kilometro orduko abiadura atzematera iritsi da.

Haizerik bortitzena mendi eta eremu irekietan izan da. Zaldiaranez gain, adibidez, Iturrietan eta Erroitegin (Arraia-Maeztu) ere 100 kilometro ordukoko muga gainditu da, 117,1 eta 101,6 kilometro ordukoko parametroekin, hurrenez hurren. Bestalde, Ilarduian (Asparrena) 88,6 kilometro ordukora iritsi dira, Beluntzan (Urkabustaiz) 85,4ra eta Kapilduin 93,5era.

Alerta laranja 9:00ak aldera amaitu da, baina lehenago, 3:00ak aldera, 84,7 kilometro orduko haize boladak izan dira Arabako hiriburuan, Gasteizen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago