Aldundiak energia berriztagarriei lotutako 19 proiektu sustatuko ditu Araban

Erredakzioa 2020ko urr. 21a, 10:56
Guztira, lurraldeko 18 udalek eta administrazio batzarrek jaso dituzte laguntzak. / PIXABAY

Diruz lagundutako proiektu gehienak eguzki energiarekin zerikusia dute: autohornikuntzarako instalazio fotovoltaiko berriak, eguzki argiteria publikoaren instalazioak, autokontsumorako zentralak eta eguzki panelak, besteak beste.

Ingurumen Sailak onetsitako diru laguntzei esker, Arabako herrietan energia berriztagarriak sustatzeko hogei bat proiektu berri abian jarriko dira datozen hilabeteetan. Guztira, lurraldeko 18 udalek eta administrazio batzarrek jaso dituzte laguntzak, energia aurreztea, energia berriak sustatzea eta klima aldaketa arintzea xede duten 19 proiektu gauzatzeko.

Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatua pozik agertu da Arabako toki erakundeek proiektu jasangarrietarako laguntzei egindako "harrera ona" dela eta. "Proiektu guztiak, handi zein txiki, urrats garrantzitsuak dira gure planetaren alde eta klima aldaketaren aurka", adierazi du Galerak.

Lasierrako komunitate energetikoa

Abian jarriko diren proiektuen artean, 16.000 euroko diru laguntza jaso duen Lasierrako instalazio fotovoltaiko berria nabarmendu dute (Erriberagotia), herriko biztanle guztiei aukera emango baitie eguzki energiaren bitartez %100ean hornitzeko. Bertan sortutako komunitate energetikoa goraipatu du Josean Galerak; izan ere, etxebizitza eta negozio guztiek bat egin dute proiektuarekin.

Autokontsumorako instalazioak

Beste proiektu garrantzitsu bat Navaridasen autokontsumorako jarriko den 33 kilowatteko eguzki zentral fotovoltaiko berria da; ia 14.500 euroko laguntza jaso du.

Gainera, Arabako beste hainbat herritan antzeko instalazioak jarriko dira: Antoñanako Administrazio Batzarreko (Kanpezu) gizarte etxea hornitzeko eguzki instalazio berria, 4.141 euroko diru laguntza jaso duena; Laminoriako Errege Haraneko Administrazio Batzarreko (Arraia-Maeztu) herriko argietarako eta gizarte etxerako eguzki energia bidezko sistema berriak ia 8.000 euro jaso ditu; Bastidako eta Zigoitiko udalek ere eguzki panelak jarriko dituzte udal igerilekuetan, 10.000 eta 2.810 euroko diru laguntzei esker, hurrenez hurren.

Eguzki argiteria publikoa

Aldundiaren diru laguntza horien beste lerro batek eguzki energia iturritzat duen argiteria publikoa sustatzeko helburua du. Gisa horretako proiektuen alde egin dute, besteak beste, Zalduondoko Udalak ia 5.000 euro eta Zuiako Sarriko herriak ia 10.000 euro.

Ildo horretan, oso harrera ona izan du inbentarioak, auditoretzak eta bestelako ekintzak egiteko laguntza lerroak. Izan ere, Aldundiak azaldu duenez, epe ertainean energia aurreztea eta eraginkortasun handiagoa izatea ahalbidetuko dute. Asparrena, Barrundia, Burgu, Agurain, Donemiliaga, Iruraiz-Gauna, Okondo, Laudio eta Bastidako udalek heldu diete 50.000 euroko diru laguntza horiei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide