2021ean toki erakundeei 217,2 milioi euro banatzea aurreikusi du Foru Funtsak

Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 12:14
Toki Administrazio eta Finantzen Arabako Lurralde Kontseiluaren bilera. / AFA

Aldundiak aurreikusi du Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsak 217,2 milioi euro banatuko dituela 2021ean, eta aurtengo azken ordainketa 20,8 milioi eurokoa izango da. EH Bilduk murrizketak datozen bi urteetan itzultzea eskatu du.

Toki Administrazio eta Finantzen Arabako Lurralde Kontseiluak astelehenean berretsi egin du 2020ko TEFFFaren azken ordainketa 20,8 milioi eurokoa izango dela. Horrekin batera, 2021. urterako aurreikuspena jakinarazi die toki erakundeei: 217,2 euro banatuko ditu Funtsak.

Lurralde Orekako foru diputatu eta Kontseiluko presidente Irma Basterrak azaldu duenez, 2020ko itxiera aurreikuspenak gaindituko dira, eta 2017ko eta 2018ko likidazioen gainetik dago. "Datorren urterako aurreikuspenak hazkundea dira. Zehazki, eta betiere aurreikuspenen arabera, funtsak zuzkidura handituko luke 2020an ikusi ditugun itxiera-zifrekiko; beraz, 217,2 milioi euro banatzeaz ari gara, eta aurten, berriz, 198 milioi".

Hala ere, Basterrak "zuhurtzia" eskatu die tokiko erakundeei, eta "kanpoko adierazleen aurrean dagoen ziurgabetasun egoera" kontuan hartzeko beharra azpimarratu du.

2020ko azken ordainketa

Bilera horretan bertan, Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako diputatuak Finantzen Euskal Kontseiluak joan den astean egindako bilera laburbildu du, eta berretsi du diru-bilketa hobetzeak TEFFF 2020ren laugarren eta azken ordainketa egitea ahalbidetuko duela. Guztira 198.354.565 euro banatu dira 2020an, hasieran aurreikusitako 235.808.830 euroen aldean.

Izan ere, 2020ko ekitaldia hasierako aurreikuspenek iragartzen zutena baino "nabarmen hobeto" itxiko dela nabarmendu du Gonzalok; jaitsiera %20koa izango zela aurreikusi baitzen. Horri esker, laugarren eta azken ordainketa horretan 20.805.609,85 euro banatu ahal izango zaizkie toki erakundeei.

Foru Arauan hainbat aldaketa egin dira, salbuespenezko egoerak sartzeko, hala nola pandemiaren ondoriozkoak; eta asteazken honetan eztabaidatuko da Arabako Batzar Nagusietan. Azkenik, azken ordainketa aste batzuk barru egingo da. 

Zorra

Udalek, administrazio batzordeek eta kuadrillek zorrera jotzeko oniritzia jaso ostean, gaitasun hori beraiekin partekatzeko proposamena egin du Aldundiak. "Udalek beraien kalkuluak egingo dituzte 2020ko ekitaldia ixteari begira, aurrekontu aldaketak eta gerakinak kontuan hartuta. Baina zorra behar dutela uste duten udalekin partekatuko dugu gure defizit gaitasuna, eta eurengatik zorpetuko gara", ziurtatu du Basterrak.

Murrizketak itzultzea

Asteazkeneko osoko bilkurari begira, EH Bilduk proposatutako emendakinari eutsiko dio: "Arrazoituta eta salbuespenez, berregokitzeak geroratzea edo zatikatzea"; horrela eskatu baitu Arabako udalerrien heren batek —besteak beste, Zuia, Asparrena, Artziniega, Zanbrana, Beranturi, Urizaharra, Donemiliaga, Dulantzi edo Legutio—, eta Bizkaiko Ogasunak hala proposatu baitie udalei.

Hala, ezker subiranistak Foru Gobernuari eskatuko dio diru bilketaren jaitsieraren ondorioz udalek izango duten murrizketa datozen bi urteetan itzultzea. "EAJren eta PSEren gobernuak eskaera hori zeharo baztertu zuen eta Arabako udalak zigortzea erabaki du", kritikatu du EH Bilduk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide