Paul Urkijo eta Bingen Mendizabal saritu dituzte Sitgesen

Erredakzioa 2020ko urr. 19a, 11:00
Paul Urkijo film labur onenaren saria jasotzen, 'Dar-Dar' lanagatik. / PAUL URKIJO

Paul Urkijo zuzendari gasteiztarrak irabazi du Sitgeseko Zinemaldiko film labur onenaren saria Dar-Dar lanagatik. Bingen Mendizabalek soinu banda onenaren saria eraman du, Juanma Bajo Ulloaren Baby filmaren musikagatik.

Arabako zinemagintzak garai gozoa bizi du, eta, oraingoan, Sitgeseko Nazioarteko Fantasiazko Zinema Jaialdian lortu du arrakasta.

Alde batetik, Paul Urkijo (Gasteiz, 1984) zinemagile gasteiztarrak Errementari (2017) film labur onenari Méliès D'Argent saria irabazi du Dar-Dar lanagatik. Munduko beldurrezko zinema saririk ospetsuenetako bat da; Sitgeseko araudiak jasotzen duenez, sari horren irabazleak Oscar sarietarako kontuan hartuko ditu automatikoki Hollywoodeko Zinema Zientzien Akademiako Hautaketa Batzordeak.

Oletan, urtarrileko asteburu batean grabatu zuten film laburra, eta Sitgesen aurkeztu ondoren, nazioarteko zinema jaialden bira hasi du. Zuzendariak konfinamendua aprobetxatu zuen Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias Garcia protagonista dituen Dar-Dar zuri-beltzeko filmaren edizioa amaitzeko.

Bitartean, Urkijoren hurrengo proiektu Irati film luzearen aurreprodukzioa aurrera doa. Iratiko oihanari buruzko mitologian oinarrituta, VIII. mendean girotutako istorio bat kontatuko du, eta duela hiru urte hasi zen proiektuan lanean.

Baby Juanma Bajo Ulloaren azken filmaren soinu bandak ere saria jaso du Sitgesen. Koldo Uriarterekin batera Bingen Mendizabal (Gasteiz, 1962) arabarrak sortutako konposizioak saritu baitituzte Kataluniako zinema jaialdiaren 53. edizioan. Izan ere, bi euskal konpositoreen musika elkarrizketarik gabeko filmaren ardatz nagusietako bat da.

Horrela, beste aintzatespen bat jaso du Mendizabalek, zinemarako musikaren egile gisa egin duen ibilbide oparoan. Adibidez, 2008an bere ibilbideko puntu gorenetako bat bizi izan zuen, El juego del ahorcado filmaren soinu bandarengatik Goya sarietan finalista izan zenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide