TD Systems Baskonia77 |
Khimki Moscow60 |
Baskoniak jokalari gehiago fitxatu behar duela entzun dugu azken asteotan zaletu zein adituen artean. Carringtonek denboraldia hasi aurretik hutsunea utzi zuen hegaleko postuan eta taldea hankamotz ibili izan da azken partidetan. Gaur iluntzeko partidan, aldiz, egoera hori kantxaren beste aldean bizi izan dutela ezin ukatu.
Denboraldi aurrean, Khimkik ohiko gaitasun ekonomikoa erakutsita, jokalari puskaz osatutako taldea eratu zuen. Baina, jokatu ezinda dauzkan jokalari andanaren eraginez, egun gogorrak bizitzen ari da talde errusiarra. Batestik koronabirus kasuak, eta bestetik min hartuta dauzkan dozena erdi bat jokalari. Guztira zortzi jokalari Gasteizera etorri gabe geratu dira Buesa Arenan, eta, batere esperientziarik gabeko jokalari gaztetxoak alde batera utzita, sei edo zazpi jokalari bakarrik izan ditu Kurtinaitis entrenatzaileak bere aginduetara.
Partida hasi aurretik, Baskonia zen faboritoa eta norgehiagoko irabazteko presioa beregain zuen talde gasteiztarrak. Baina garaipena lortzea garesti suertatzen da edozein aurkariren kontra, eta hala ikusi ahal izan da lehen hiru laurdenetan zehar. Partida parekatua, joko trabatua eta markagailuan alde egin ezinda ibili dira bi taldeak. Azken laurdenean, Baskoniaren zorionerako, errusiarrak nekea nabaritzen hasi dira halabeharrez eta egoera baliatu du Baskoniak garaipen garrantzitsua eskuratzeko.