Lan intimoenak, aurtengo World Press Photon

Erredakzioa 2020ko urr. 16a, 13:00
Yasuyoshi Chiba kazetariaren argazkia izan da irabazlea. / © Yasuyoshi Chiba, Japan, Agence France-Presse

Prentsa-argazkilaritza lehiaketa garrantzitsueneko 140 irudi izango dira ikusgai Montehermoso kulturunean, azaroaren 15era arte.

Bueltan da World Press Photo. Azaroaren 15era bitartean, kazetaritza argazki garrantzitsuenak ikusteko aukera izango da Montehermoso kulturunean. 2020an irabazi duten 140 irudiak izango dira ikusgai ur biltegian; 24 herrialdetako 44 kazetari grafikok egin dituzte argazkiak. Aurtengo edizioan ia 74.000 argazki aurkeztu dira, 125 herrialdetako 4.282 argazkilarik eginak.

Erakusketa zortzi kategoriatan banatzen da, besteak beste: gaur egungo gaiak, albisteak, epe luzerako proiektuak, natura, kirolak eta erretratuak. Hiru izan dira gai nagusiak: batetik, herritarren protesta orokorrak, zeinetan gazteak izan baitira protagonista (Irak, Sudan, Hong Kong, Txile, Aljeria) eta naturarekin lotutako istorio harrigarriak, esaterako, hain ezagun bihurtu den pangolinarena. Bestetik, askotariko gizarte gaiak: adinekoen bakardadea; IEko borrokalarien emazteak eta seme-alabak, Irakeko eremuetan atxikitakoak; abortua Bielorrusian; Ixil maien komunitatearen sufrimendua, edo Koran osoa buruz ikasten duten neskatilak.

Iluntasunean, poesia

Yasuyoshi Chiba kazetari japoniarraren Zuzeneko ahotsa irudia izan da irabazlea: Khartum-en (Sudaneko hiriburua) erregimen militarraren aurka egindako protestetan iluntasunaren erdian telefonoen argitara poesia errezitatzen ari den gazte baten argazkia da.

Aipatzekoa da WPPren aurtengo edizioan ez dela gatazka armatuetan lortutako zuzeneko irudi gordinik; bai, ordea, erretratuak eta lan pertsonal eta intimoak.

Erakusketa Montehermoso kulturuneko ur biltegian ikusi ahalko da, urriaren 16tik azaroaren 15era (biak barne), 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 21:00etara, egunero, jaiegunak barne. Astelehenetik ostiralera erakusketa ikusteko, sarrera librea izango da, edukiera bete arte, hau da, ez da erreserbarik egin beharko aurretiaz. Larunbat eta igandeetan, gonbit-txartela (doakoa) beharko da, eta sarreran erakutsi (paperean inprimatu daiteke, edo gailu mugikor batean deskargatuta). 

 

WPP lehiaketan sarituetako argazkietako bat. /© Mulugeta Ayene, Ethiopia, Associated Press

 

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide