Vital Fundazioak neskentzako kirol eskola magistralak jarriko ditu abian berriro

Erredakzioa 2020ko urr. 16a, 10:20
3×3 futbol txapelketan ateratako argazkia. Egilea: Vital Fundazioa.

Errugbia, boleibola, atletismoa, esgrima, euskal pilota, karatea, waterpoloa, sokatira edo futbola sustatu nahi ditu.

Vital Fundazioak askotariko kirol jardueren gaineko eskola magistralak jarriko ditu martxan berriro ikasturte honetan herrialdeko ikastetxeetan. Arabako kirolarien eskutik, haien esperientziak emakumeen kirola hobeto baloratzeko balio izatea nahi dute, baita beste neskak kirola egitera animatzeko ere.

Kirolean mutilen eta nesken arteko berdintasuna bultzatzeko fundazioak garatutako Arabako Emakumezkoen Kirola Bultzatzeko 2018-2022 'Bai, nahi dut' programaren barruan eskainiko dira saio horiek, doan. Hala eskatu duten ikastetxeetara hurbilduko dira Arabako kirolariak, eliteko kirolaren arloan dituzten historia eta esperientziak ezagutzera emateko.

Atal teorikoa eta praktikoa

Hain justu ere, atal teorikoa eta atal praktikoa izango dituzte eskolek. Teorikoan, beren esperientziaz hitz egingo dute kirolariek, kirolean hasi zireneko bizipenez eta kirolak arlo fisikoan nahiz psikologikoan egiten dien ekarpenaz. Atal praktikoan, kirol bakoitzeko ariketa eta teknika gehiago erakustea izango dute helburu. Kirol eskaintza zabala da: errugbia, boleibola, atletismoa, esgrima, euskal pilota, karatea, waterpoloa, sokatira eta futbola, besteak beste.

Hitzaldi horietako bat hartu nahi duten ikastetxeek info@siquiero.eus helbide elektronikoaren edo 647 566 579 telefonoaren bidez eska dezakete. Gainera, www.bainahidut.eus webgunean hitzaldiei eta hizlariei buruzko informazio guztia dago eskuragarri.

Azken bi urteetan, lurraldeko 3.500 neska-mutilek baino gehiagok emakumezkoen kirolaren errealitatea ezagutu ahal izan dute ekimen honen bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide