Euskaltzaleen Topagunea

Liburuak irakurri, gozatu eta oparitu

Erredakzioa 2020ko urr. 14a, 09:30
Arabako sei udalerritako liburutegiek parte hartuko dute kanpainan. / TOPAGUNEA

Abenduaren 9ra arte martxan izango da euskarazko liburuen irakurzaletasuna bultzatzeko Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren XIV. edizioa; baita Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Mendialdea eta Gasteizko udal liburutegietan ere.

Euskaltzaleen Topaguneak Euskal Herriko hainbat liburutegi eta argitaletxerekin batera martxan jarri duen Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainak euskarazko liburuen irakurzaletasuna sustatu nahi du, eta, tartean, liburuak oparitzeko ohitura bultzatzea du helburu. "Irakurketak sareak josteko duen gaitasuna azpimarratu nahi du ekimenak, eta opariaren bidez irakurketa partekatua ahalbidetu", azaldu dute antolatzaileek. Hamalaugarren edizioaren leloa, hain zuzen ere, Zurekin oroitu naiz da, oinarri filosofiko horri erreferentzia eginez.

Aurtengo edizioan, liburutegi ugarik hartuko dute parte egitasmoan: Arabaren kasuan, Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Mendialdea eta Gasteizko udal liburutegiek; Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, askoz gehiago. Izan ere, liburutegi publikoen zerbitzuari ikusgarritasuna ematea ere helburu nagusietako bat da.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Nafarroako Foru Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia izan ditu babesle, eta Alberdania, Erein, Elkar, Pamiela, Ttartalo eta Txertoa argitaletxeen laguntza jaso du.

 

Bi hilabeteko kanpaina

Kanpainak bi hilabete inguruko iraupena izango du liburutegietan, eta opariak abendua eta urtarrila bitartean banatuko zaizkie irabazleei.

Data garrantzitsuenak, halaber, Liburutegien egunarekin urriak 24 eta Gabonen aurreko oporraldiarekin lotuta egongo dira. Alde batetik, udal liburutegien funtzioa azpimarratzeko, eta, bestetik, Gabonetan Irakurri, Gozatu eta Oparitu (IGO) filosofiarekin batera, liburuak oparitzea sustatu nahi dutelako.

Nola parte hartu?

Egitasmoan parte hartu nahi duen pertsona orok irakurri duen liburu bat inguruko pertsona bati oparitzeko aukera izango du, berarentzako mezu pertsonal bat idatziz. Parte hartzeko ondorengo hiru urrats erraz hauek jarraitu beharko dira:

  1. Irakurri. Herriko liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartu.
  2. Gozatu. Liburua irakurri ostean, liburutegira itzultzeko momentuan, fitxa erraz bat bete beharko da. Irakurleak bere datuak bete beharko ditu, liburua etxean jasotzeko; liburua oparitu nahiko liokeen pertsonari mezu bat idazteko aukera izango du. Liburuzainak fitxa jasoko du, eta, ekimenaren epea bukatzen denean abenduaren 9an, zozketa batean sartuko da parte hartu duten fitxa guztiekin batera.
  3. Oparitu. Zozketako irabazleek etxean jasoko dute liburua hasieran idatzitako mezua itsatsita—, nahi duten pertsonari oparitzeko prest.

Guztira, 500 liburu banatuko dira Euskal Herriko liburutegietan zehar. Horrez gain, liburutegiek irakurketa gailu elektronikoak zozketatuko dituzte liburutegi bakoitzeko parte-hartzaileen artean.

 

Zer irakurri?

Gainera, balizko irakurleek bi idazleren esperientzia izango dute lagun: Uxue Alberdik eta Aingeru Epalzak liburu gomendagarrien zerrendak sortu dituzte edizio honetarako; Euskaltzaleen Topaguneak ere bere zerrenda propioa osatu du. Proposamenak bost ataletan banatu dituzte: narrazioa, eleberria, itzulpena, saiakera eta poesia.

Bestalde, Irakurketa Errazeko liburu gomendioak ere jaso dituzte, Irakurketa Erraza Euskadi elkartearen lankidetzari esker. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide