Covid-19ak eragindako pandemiaren bigarren olatuaren erdian oraindik, abian da gripearen aurkako txertaketa-kanpaina. Besteak beste, 65 urtetik gorako pertsonak, gaixo kronikoak eta haurdun dauden emakumeak kontuan hartu dira aurten arrisku-kolektiboen artean.
Datozen sei asteetan luzatuko den kanpaina jendetsua izatea espero da, eta Osakidetzak ekipamendu ugari egokitu ditu, batez ere hirietan. Arabako lurralde historikoan 50 puntu inguru egongo dira; Gasteizen, adibidez, Iradier Arena eta Gasteizko hainbat gizarte etxe egokitu dira, txertaketa masiboa egiteko sare publikoko lehen mailako arretako zentroetan pilaketak saihestuz.
Urriaren 31ra arte, hain zuzen ere, gripeak eragindako konplikazioak izateko arrisku handiena duten kolektiboak lehentasunezkoak izango dira. Ondoren, azarotik aurrera, txertoa hartu nahi duten gainontzeko herritarrek hitzordua eskatu ahal izango dute, euren osasun zentrora deituz. Hori guztia baino lehen, egoitzetako langileei, osasun langileei eta langile soziosanitarioei txertoa jarri zaie, pandemiaren erdian gripearekin kutsatzea saihesteko.
Arabako udalerri gehienetan, berriz, kanpaina kontsultategietan egingo da, aurreko urteetan bezala.
Txertaketa-puntuak
Gasteizen, osasun-eremuaren arabera banatu dira txertoa hartzeko puntuak:
- Iradier Arena: Aranbizkarra I eta II, Olagibel, Olarizu eta Salburua.
- Abetxuku gizarte etxea: Abetxuku.
- Aldabe gizarte etxea: Alde Zaharra.
- Arriaga-Lakuako osasun zentroa: Arriaga-Lakua.
- El Pilar adinekoen zentro soziokulturala: El Pilar.
- Iparralde gizarte etxea: La Habana eta Zaramaga.
- Lakua gizarte etxea: Lakuabizkarra eta Sansomendi.
- San Martin gune soziokulturala: San Martin, Gazalbide, Txagorritxu eta Zabalgana.
Arabako herrietan ere txertaketa-puntu ugari egokitu dira:
- Laudioko anbulatorioa.
- Langraizko eguneko zentroa.
- Kontsultategiak: Agurain, Dulantzi, Araia, Arratzua-Ubarrundia, Artziniega, Berantevilla, Durana, Eltziego, Fontetxa, Gopegi, Izarra, Kuartango, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Luiaondo, Moreda, Nabaridas, Okondo, Ozeta, Urizaharra, Pobes, Ubidea, Villabuena, Zanbrana eta Zuia.
- Administrazio-batzarrak: Bernedo, Kanpezu eta Maeztu.
- Gizarte zentroak: Espejo eta Ribabellosa.
- Osasun zentroak: Amurrio, Bastida, Guardia, Legutio eta Oion.
Karpa bat Zuian
Zuiako Udalak jakinarazi du berogailudun karpa bat jarri duela gripearen aurkako txertaketa-kanpainarako. Izan ere, pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketak direla eta, Osasun Zentroak ez ditu lan horiek egiteko baldintzak betetzen gainerako erabiltzaileak artatzen diren bitartean.
Ez da kontu berria: Zuiak hamarkada bat baino gehiago darama salaketa berberarekin: "Murgiako anbulatorioak espazio faltak sortutako arazoak ditu, eta osasungarritasun eskasa dauka", salatu du Udalak. Egoera hori larriagotu egin da pandemiarekin, eta, hori dela eta, osasun langileek Osakidetzako arduradunei jakinarazi zieten txertaketa-kanpainan arazoak izango zirela, aldi berean gainerako erabiltzaileak artatzeko.
Osakidetzaren erantzunik jaso ez duenez, Zuiako Udalak irtenbide bat bilatu du, eta bere gain hartu du instalazioaren alokairuaren kostua —2.500 euro inguru—, abenduaren amaierara arte. Txertaketa-zentro gisa funtzionatuko duen karpa bat izango da kanpainak irauten duen bitartean: "Helburua da Zuiako herritarren segurtasuna bermatzea, beste erabiltzaile batzuekin nahastu beharrik gabe, eta kalean itxaron beharrik izan ez dezaten, izapide eta kontsulta batzuetarako orain gertatzen den bezala", azaldu du Unai Gutierrez Urkiza alkateak.