Burgos 91 - 89 Baskonia

Ligako bigarren porrota jarraian Baskoniarentzat

Aritz Mtz. de Luna 2020ko urriaren 11

Dragicek jokatzeko aukera izan du min hartuta egon ostean. / Argazkia: @ligaendesa

Partida bukaera parekatuan, Burgosek lortu du garaipena Riverok azken segunduan lortutako saskiratzeari esker (91-89).

San Pablo Burgos

91

TD Systems Baskonia

89

Endesa Ligako bigarren porrota jasan du Baskoniak Burgosen. Talde gasteiztarrari behar baino gehiago kostatu zaio partidan sartzea eta lehen zati negargarria jokatu du. Lehen minutuetan zehar, Burgosen erasoak saskiratze errazak izan dira bata bestearen atzetik, eta gasteiztarrak, aldiz, noraezean ibili dira Burgosko Coliseumen.

Aldageletatik bueltan, eta seguruenik Ivanovicen purrustada ederra jaso ostean, gasteiztarrek hobekuntza nabaria izan dute. Defentsa lanean oinarrituta hirugarren laurden ona jokatu du Baskoniak eta markagailua berdintzea lortu dute.

Azken hamar minutuetan bi taldeak nor baino nor aritu dira eta bietako edozeinek izan du garaipena lortzeko aukera. Denboraldiko lehen partidetan Baskoniak zortea lagun izan zuen, gaurkoan, aldiz, ez da halakorik gertatu.

Ostiralean emandako itxura kaskarra pixka bat hobetzea lortu du Baskoniak, baina hobekuntza nabaria beharko du partidak eskuratu nahi izatekotan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago