Hiru enplegu anezka izango dira udazkenean

Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 14:51

Egitasmoa aurkezteko eginiko agerraldia. / AFA

Aurten 60 plaza izango dira Gasteiz eta Laudioko bulegoetan.

Arabak hiru enplegu anezka izango ditu azaro bukaeran, Gasteizen (2) eta Laudion, langabetuei baliabideak eskaini eta lan bilaketa errazteko helburuarekin. Azaroaren 6ra arte eman daiteke izena. Bosgarren urtez, Aldundiak eta Santa Maria la Real Fundazioak abian jarritako egitasmoa da; orain arte 250 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute, eta haietatik ia %60k besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak egin dituzte lan praktika eta guzti.

Aurtengo edizioa covid-19ak eragindako osasun krisiari egokituko zaio: saio presentzialak eta online saioak bateratu egingo dira, premien arabera, eta segurtasun protokoloak aplikatuko dira. Halaber, eta edukiei dagokienez, parte hartzaileen gaitasun digitalak indartuko dituzte.

Guztira, hiru anezketan 60 plaza izango dira. "Orain inoiz baino premia handiagoa dago osasun krisiak lan merkatuan eragin dituen ondorioak arintzen lagunduko duten programa eraginkorrak garatzeko. Konfiantza daukagu programa honetan. Izan ere, pandemiari egokituko zaio: lineako saioak prestatu dira, eta gaitasun digitalak indartuko dira", azaldu du Cristina Gonzalez Enplegu diputatuak.

Programa hau borondatezkoa eta doakoa da, eta 18 eta 60 urte arteko, edozein prestakuntza mailako eta edozein lan sektoretako emakume eta gizon langabetuentzat da, berdin diolarik esperientzia duten ala ez. Parte hartzaileak astean hiru aldiz bilduko dira bost hilabetez, Gasteizko eta Laudioko udalek lagatako lokaletan, eta saio presentzialak eta lineakoak eskainiko dituzte. Teknikari baten laguntzarekin hainbat jarduera egingo dituzte haien lan bilaketa optimizatzeko: autoezagutzako eta adimen emozionaleko lantegiak, komunikazio dinamikak, curriculum vitae-a eguneratzea eta lan elkarrizketen simulazioa. Gainera, komunikazioko eta marka pertsonaleko teknika berriak ikasiko dituzte, enplegagarritasun mapa bat taxutuko dute, enpresetara bisitak egingo dituzte eta bilerak egingo dituzte giza baliabideetako arduradunekin, errekrutatzaileekin eta zenbait arlotako adituekin.

Parte hartu nahi dutenek azaroaren 6ra arte eman dezakete izena anezken webgunean (lanzaderasdeempleo.es), edo aurrez aurre, Gasteizen eta Laudion gaitu diren bulegoetan.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago