Kaltetu ugari utzi ditu sukurtsalen gainbeherak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko urr. 10a, 08:00
Izarran, urte hasieran, protestak eta sinadura-bilketa egin zituzten herritarrek Kutxabankek zerbitzua murriztu zuelako.

2010. urtetik, finantza-entitateek Araban dituzten bulegoen erdia desagertu da, eta, aldi berean, leihatilan egin daitezkeen operazioak murriztu eta telematikoki egitera bultzatzen ari dira bezeroak. Etxeko aurrezkiak  kudeatzeak ez ei du etekinik sortzen; diruan baino produktuetan dago negozioa.

Arabarrek finantza-zerbitzuetara iristeko duten aukera gero eta gehiago murrizten ari da. Udalerri txikietan maiz entzuten dira kexak, bankuak eta aurrezki-kutxak zerbitzuak desagertu edo mugatzen ari direlako.  Hiriburuko sukurtsaletan, berriz, pandemiaren ondorioz, inoiz baino nekezagoa bihurtu da ohiko tramite arruntak egitea. Egunero, bankuen zein aurrezki-kutxen aurrean ikus daitezkeen pertsona haserretuen ilarak dira horren lekuko. Bulegoan egon daitezkeen bezeroen kopurua mugatu behar izan dute sukurtsalek, kutsatzeak ekiditeko. Halaber, operazio arruntak egiteko dauden leihatila asko ere itxi dituzte azken hilabeteetan, eta ordutegiak mugatu dira.

Hartara, herritarrek bankuaren bulegoaren aurrean igaro behar duten denbora biderkatu da eta operazio oinarrizkoenak egiteko zailtasunak areagotu dira. Bulegoen kopurua eta ordutegiak murriztea bereziki garrantzitsua da adinekoentzat. Izan ere, adin jakin bateko herritarrentzat ezinezkoa da telematikoki egin daitezkeen izapideak egitea, eta askok txartela ere ez dute erabiltzen. Hortaz, konfinamenduan adineko asko dirurik gabe geratu ziren, aurrezki-libretarekin leihatilan dirua ateratzen ohituta baitaude.

"Bost minutu falta dira irekitzeko, eta sei lagun gaude zain, Bisbalen kontzertu batean bezala"

Auzoetako merkatariak ere kaltetu ditu, pandemiarekin batera, finantza-entitateek bezeroaren arreta murriztu izanak. Hala azaldu du A.G. Gasteizko saltoki handi bateko langileak, goizeko zortziak baino lehen, sukurtsal baten aurrean zain dagoen bitartean. "Ordu erdi bat falta da bulegoa irekitzeko, eta hemen gaude, sei lagun, bost gradurekin, Bisbalen kontzertu batean bezala". 

Saltokian egunean zehar behar dituzten kanbioak hartzera etorri da A.G. "Goizeko lehen orduan etorri behar gara, bestela, dagoen ilararekin ezinezkoa da kanbioak hartzea". Azaldu duenez, auzoan merkatari ugari bakarrik daude dendan, eta ezin dute 30 edo 40 minutu itxaroten egon. "Konfinamendutik, egunero, ia ordubete itxaron behar dugu. Ilarak harrigarriak dira, edozein operazio txiki egiteko, alokairuaren ordainketak, ordainagiriak pagatzeko edo transferentziak egiteko, ordutegiak murriztu dituzte, 08:30etik 10:30era". 

Gainera, azaldu duenez, hiru langile zeuden lehen, eta orain, aldiz, lehiatila bakarra dago eta langile batek egiten du hiruren lana, itxaronaldiak luzatuz. 

Bulegoen ia erdia desagertu da

Zenbakiak ikusirik, begi bistakoa da finantza-entitateek sukurtsalak ixteko darabilten politika areagotu dela 2008. urtetik, eta, pandemia baliatuz, joera hori sakondu dutela. Gainera, etorkizunera begira, bulegoak batik bat finantza-produktuak saltzera mugatuko direla aurreikusten da, leihatilan egun egiten diren operazioak alboratuz.

Espainiako Bankuen Elkarteak eta Espainiako Aurrezki-kutxen Konfederazioak urtero aurkezten dituzten jardueren balantzeen arabera, herrialdeko bulegoen ia erdia desagertu da hamar urteko epean. Araban, 2010. urtean, 265 bulego zegoen (160 kutxa eta 105 banku); eta 2019an, berriz, 140 bulego daude zabalik (88 kutxa eta 52 banku). 

Espainiako Bankuak bere Estatistika Buletinean argitaratutako datuek ere joera berdina erakusten dute. Estatuko probintzietan dauden bulegoen kopuruak beherakada nabarmena izan du, batez ere ekonomia eta finantza-krisia hasi zenetik, 2008. urtean. "Espainian, azken urteotan, nabarmen egin du gora online bankak; horrek erraztu egiten du banku-eragiketak egitea bulego batera joan gabe, eta bulegoak ixtearen kalteak arindu ditu. Hala ere, egia da online bankak nolabaiteko zailtasuna dakarrela biztanleriaren zenbait segmentutarako, bereziki landa-eremuetan bizi diren adineko pertsonentzako".

"Bezeroen diruak ez du baliorik"

Kutxabanken enpresa batzordeko kide izan da orain gutxira arte Gotzon Berganzo, LABen partetik. Haren irudikoz, pandemiarekin batera lehendik zetorren filosofia aldaketa areagotu da, eta leihatilako arretan egiten diren murrizketek horrekin bat egiten dute. "Leihatilak bezeroari zerbitzua ematen dio, baina hortik bankuak ez du etekin ekonomiko zuzena ateratzen".

Kutxabank hiru kutxen bankua bihurtu denetik, gainerako bankuen bide berdina jorratzen ari da, eta finantza-produktuak, pentsio-planak eta horien kudeaketa dira lehentasunak. "Bezeroa dago produktuak eskaintzeko eta etekina lortzeko. Bezeroekin bazaude, eta ez bada produktu bat saltzeko, denbora galtzea da. Zertarako egongo da langile bat pertsona batekin hamabost minutuz ordainagiri baten inguruan azalpenak ematen? Hor konpon; hori ez da bere lana".

"Lehiatilak bezeroari zerbitzua ematen dio, baina bankuak ez du etekinik ateratzen"

Lehengo hiru kutxen filosofiarekin haustea aldaketa "bortitza" izan dela aitortu du Berganzok. Are gehiago langileentzat, 2012. urtetik milatik gora langile aurre-jubilatu, lekualdatu edo kaleratu baititu bankuak. Herritarrentzat, berriz, gertuko kutxa herrikoiek ematen zituzten zerbitzuak galtzea ekarri du. "Kutxabankek arazo bat du; bankua bilakatu dela baina bezero gehienak kontu korrontea dutela lau gauza ordaintzeko. Orain, aldiz, diruak ez du baliorik. Bezero bati dirua jasotzean eta beste bati eskaintzean ez dago etekinik. Hori lehengo kontua da. Betidanik izan diren aurrezkiak, gurasoek zituzten epekako kontu korronteak… horien truke bankuak ez du etekinik lortzen. Orain kudeaketan eskuratzen du, pentsio planetan... Kontu korrontean 20.000 euro baldin badituzu, banketxeari bost".

Hortaz, "beharrezkoak ez diren" bezero horiek operazio guztiak telematikoki egitera bultzatzen ari da Kutxabank, gainerako entitateak bezalaxe. Koronabirusaren olatuaren aurretik teknologiaren aldeko hobekuntzak egin zituen entitateak, eta eragiketa guztiak telematikoki egiteko bideak ere jarri zituen. "Atarikoa hilero pagatzera joaten da oraindik jendea, eta hori aurreko mendeko kontua da, baina bada jendea horrela egin nahi duena; eta Gasteizen oso ohikoa da, adibidez, alokairua hilero kutxan ordaintzen dutenena".

Lurralde-arraila

Murrizketa aro horretan, hiriburuaren eta herrialdearen arteko arraila ere handitu da. Bankuen kasuan, 2019an Araban zeuden 52 sukurtsaletatik, 14 baino ez zeuden Gasteiztik kanpo. Santanderrek ditu bulego gehien irekita, 18 guztira, eta horietatik 12 hiriburuan daude. BBVAk 15 bulego ditu, eta horietatik 10 Gasteizen; Sabadellek 8, Bankinterrek 4 eta bulego bana dute Deutsche Bankek, Renta 4 Bancok, Bankoak, Caixa Geralek, And Bank EspaÒak, Banca Marchek, eta Targo Bankek. Guztiak, Gasteizen.

Bestalde, Kutxabankek ditu bulego gehienak Araban: 62. Caixabankek, berriz, bulego kopuruari dagokionez, 21 ditu lurralde osoan. Beste kutxa batzuk ere badaude Araban, hala nola Bankia (4 bulego), Abanca (1) eta Ibercaja (1).

Kutxen Konfederazioaren arabera, Araban, bulego bat dago 3.368 biztanleko. Banku-sukurtsalen kasuan, ratioa askoz handiagoa da, eta bulego bat dago 6.738 pertsonako.

Egun gutxiago herrietan

Konfinamendua hasi aurretik, astean bost egunetan funtzionatzen zuen Artziniegan dagoen Kutxabankeko bulegoak, eta hilabete luzez itxita egon ostean, iragan irailaren 15ean zabaldu zituen berriz ateak, bakarrik astearte eta ostiraletan. "Eskerrak eman behar dizkiezu ia", esan du Joseba Vivanco Artziniegako alkateak. Halere, inguruan duten panorama ikusirik, uste du "luxua" dela herrian zerbitzua mantentzea. "Gordexolan Kutxabankeko bulegoa itxi zuten, baita Okondon eta Aretan ere; Laudion zenbait bulego ere itxi egin dituzte. Toki guztietan ari dira bulegoak ixten edo zerbitzua zentralizatzen".

Orain, Artziniegakoa Amurrioko bulegoaren menpe dago, eta are gehiago mugatu dituzte herritarrek bertan egin ditzaketen operazioak. "Kutxabankeko bezeroa ez bazara, ezin duzu uraren zerga ordaindu, adibidez". Horrek, zeharka bada ere, arazoak sortzen dizkio Udalari, badagoelako ordainketak helbideratu nahi ez dituen jendea, eta orain arte sukurtsalean ordaintzen zuten. "Zein da ematen diguten alternatiba? Udaletxean datafono bat jartzea…, baina bankuaren lana ez du zergatik Udalak egin behar".

"Txartela erabiltzen ez duen jende zaharra hilabeteak egon da dirurik gabe"

Herriko kutxazain automatikoak ere gaizki funtzionatu du azken hilabeteetan, eta horrek are gehiago zaildu du egoera, Amurriora joan behar baitziren artziniegarrak edozein tramite egiteko edota dirua ateratzeko ere. "Txartela erabiltzen ez duen jende zaharra hilabeteak egon da dirurik gabe. Pandemia bete-betean ezin duzu 90 urteko pertsona bat Amurriora bidali autobusez dirua ateratzera". 

Artziniegakoa adibide bat da, baina ez bakarra. Okondon ere arazoak izan dituzte kutxazainarekin, eta funtzio gehiago dituen terminala eskatu diote Kutxabanki. Halaber, urte honen hasieratik, Kutxabankek Izarran duen sukurtsala astelehen goizetan besterik ez dago irekita, eta zerbitzuak murriztu dituzte Araian, Berantevillan edo Trebiñun. Caixabankek Argantzonen zuen bulegoa ere itxi zuen iragan abenduan, eta Oionen arazoaren berri dute aspaldi.

Inbentarioa Diputazioan

Sukurtsalen desagerpenak Araba osoan sortu duen kezkaren adierazgarria da Aldundiak udalerrietan dauden bankuen bulegoen eta kutxazainen inbentarioa egiteko urtearen hasieran hartu zuen konpromisoa. Behin datuak ezagututa, landa-eremuan, terminal horien eta bulegoen presentzia bultzatzeko bideak bilatu beharko lituzkete administrazioek, finantza-erakundeekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide