Cesar Manzanos

"Zergatik egin du bere buruaz beste? Zergatik ez da ikertzen?"

Anakoz Amenabar 2020ko urr. 9a, 07:00

Cesar Manzanos, Salhaketak Andre Maria Zuriaren plazan egindako agerraldian. / Mikel Buruaga

Etenik gabekoa da Zaballan heriotzen jarioa. Lau pertsona hil dira aurten Arabako presondegiko hormen artean, eta enegarrenez salatu du egoera Salhaketa elkarteak. Manzanosen arabera, heriotza horietako gehienak saihestu litezke, "indarrean dagoen legeria zorrotz aplikatuko balitz".

Azkena I.M.E. izan da, 35 urteko gasteiztarra. Irailaren 26an agertu zen  haren hilotza, aurten Zaballako espetxean hildako laugarren pertsona. "Ekidin zitekeen tragedia bat" dela nabarmendu du Cesar Manzanosek (Bilbo, 1961), Arabako Salhaketako arduradunak, Andre Maria Zuriaren plazan aste honetan egindako agerraldian. "Zergatik ez dira erantzukizunak eskatzen edo, gutxienez, ikertzen? Gauza bera gertatuko litzateke biktimak beste batzuk balira? Zigor gabe onar al daitezke heriotza horiek estatuaren erakunde batean?".

Ezagutzen dugu benetan zer gertatzen ari den Zaballako espetxean?

Ez. Hain zuzen, gertatzen denaren gakoetako bat da hori; "zigorgabetasuneren kiribila" deitu diogun horrekin amaitzeko gakoetako bat. Kartzelako administraziotik informazio eskasa ematen da; are gehiago, zer gertatzen den ezkutatu nahi dute. Garai batean heriotzak zeudenean horren berri ematen zen, prentsa ohar bat bidaltzen zen, baina zuzendaritzaren aginduz ez dira publiko egiten orain. Familiari heriotzaren berri ematen zaio, eta, normalean, kartzelatik familiei gomendatzen zaie gorpua erraustea; familiak astinduta daude momentu horretan, eta kasu askotan kartzelatik esaten dietena egiten dute heriotzaren izapideekin. Modu horretan funtzionatzen ari dira. Administrazio-txostenak kartzelaren bertsioa baino ez du jasotzen, eta modu honetan, heriotza itxi eta amaitu da: hildakoa alfonbrapean gordetzen da. 

Zailtasunak ditu Salhaketak informazio hori jasotzeko?

Guk heriotza batzuen berri izaten dugu soilik.  Aurten bost ezagutu ditugu, lau espetxean eta beste bat erietxean jipoi baten ostean, baina horrek ez du esan nahi bost izan direnik. Gurekin harremanetan jartzen diren familien bitartez jakiten dugu guk, ez dugu informazio ofizialik jasotzen espetxetik.

"Gure kezka da euskal erakundeen aldetik espetxe eredua errepikatzeko asmoa dagoela"

"Heriotza naturalak" izaten direla esan ohi da. Naturalak dira?

Ez, noski. Arrazoi naturalez hitz egiten denean, patologia batzuk dituela suposatzen da, edadeko lagun bat... Hauek ez dira heriotza naturalak, are gehiago, saihestu daitezkeen heriotzak dira. Espetxean dauden protokoloek funtzionatu izan balute, eta heriotza horiek gertatzeko baldintzak sortzen dituen dinamikarik ez balego kartzelan, pertsona horiek bizirik egongo lirateke gaur egun, gehienak behintzat.

Arrazoi nagusi bezala droga gaindosia eta suizidioa jasotzen dira.

Urkatuta agertzeak ez du bere buruaz beste egin duela esan nahi; pertsona horrek bere burua urkatu edo urkatu duten demostratu behar da. Suizidio esaten da pertsona erruduntzat jo eta izan dezakegun ardura gainetik kentzeko. "Ezin zuen bere buruarekin" esaten da, kartzelak buruko gaixotasunik sortuko ez balu bezala. Gaindosiak ere ez du esan nahi pertsonak gaindosi hori aukeratu duenik; guk darabilgun hipotesietako bat da droga trafikoak kalean bezala funtzionatzen duela, alegia, erosi eta saltzen duen jendea dago, eta hori onartu egiten duten funtzionarioak daude. Eta, mundu horretan, gerta daiteke momentu batean ordaindu ez badut, norbaitek substantzia adulteratu eta hil egitea. Alegia, zer da gaindosi bat egotea? Zergatik ez da ikertzen? Zergatik egin du bere buruaz beste? Erretolika hau erabat gaiztoa eta nazkagarria da. Ni espetxean banago, administrazioarekin lotura bat dut, hau da, nire bizitza eta osasuna administrazioaren mende dago, eta kartzelak erantzukizun bat izan behar du, lehenik eta behin legez kanpoko drogak barruan daudelako. Baina ez dago erantzukizun zibilik, ez penalik, ez da ikertzen, ez ezer... Suizidioei dagokionez, horien prebentziorako protokolo bat dago, eta ez da betetzen ari; irailean hil zen lehendabiziko gazteak birritan eskatu zuen psikologo bat jar ziezaiotela, jada Iruñeko kartzelatik arazoekin zetorrelako... Administrazioak heriotza horietan duen erantzukizuna ez du onartzen. Ikaragarria.

Asteartean Andre Maria Zuriaren plazan egindako elkarretaratzeko irudi bat. / Mikel Buruaga.

 

Nolakoa da Zaballako kartzela?

700 bat preso ditu. Eta moduloak gainezka daude. Legearen arabera, ziega bakoitzeko pertsona bat izatea komeni da, intimitaterako eskubidea eta tratu duinagatik, baina hemen bi daude ziega bakoitzeko eta hainbat modulu itxita funtzionariorik ez dagoelako. Nahiz eta makrokartzela bat izan –1.500 lagun arte sar daitezke– modulu batzuk baino ez daude erabilgarri.

"Zaballan bi preso daude ziega bakoitzeko, eta bitartean hainbat modulu itxita"

Gertuagoko tratua eman daiteke halako makrokartzela batean?

Zigorrak betearazteko sistema bezala, kartzela bateraezina da oinarrizko eskubideekin. Kartzelan gobernatzen da eskubideak eman edo kenduta, errudunaren jokabidearen arabera. Preso ona bazara, besteak beste, komunikaziorako eskubidea izango duzu, eta txarra bazara modulu gogorretara joango zara; alegia, eskubideak diziplina helburuekin kudeatzen dira. Beraz, bat ala beste, kartzela dago ala eskubideak daude. Eta makrokartzelen egiturek, bereziki, harreman inpertsonalak sortzen dituzte, segurtasun falta sentsazio handiago sortzen dute horrek dakarren gatazka-giroarekin. Aurten 125 hildako baino gehiago zenbatu ditugu espetxeetan, eta ohikoagoak izaten dira makrokartzeletan.       

Bertako erakundeen aldetik badago inplikaziorik?

Eusko Jaurlaritzak orain arte esan du bere eskumena ez denez ez dela bere arazoa. Hainbat atal hartu ditu, eta horien artean kartzelen segurtasuna; alegia, teilatutik hasi du etxea. Horrek erakusten du nolabait Jaurlaritzak ez duela interesik presoen eta euren egoera sozialak ekartzeko; lehenbadizi zentroak, egiturak. Beraz, espetxe eskumena datorrenean ziurrenik eredu berdina mantenduko dute, eta horrek kezkatzen gaitu. Ez da beste eredu bat sortzeko apustu irmorik egingo. Helburua ez da eraikinak, egiturak, funtzionarioak transferitzea, beste eredu bat abian jartzea baizik; programak, bitartekoak, ekinaldiak, zerbitzuak martxan jarriko dituen eredu bat behar dugu. Eta horri lotuta Ertzaintza; ertzainek, bienbitartean, beste polizia guztiek egiten dutena egiten dute: alegia, kalean kontsumitzen ari diren neska-mutilak jazartzen... Ertzaintzak ez du delituaren prebentziorako eta borrokarako egiturarik, delitu handiagoak dituzten lagunak jarraituko dituenak eta askotan zigor gabe geratzen direnak. Egiturak berdina izaten jarraitzen du, eta uste dugu euskal erakundeen aldetik eredua errepikatzeko asmoa dagoela, delituei eman behar zaien erantzunaren inguruko oso ideia desberdina dutelako, espetxean daudenei eman behar zaien babes sozialetik urruti.

Salhaketa elkartetik zer pauso emango duzue? Zer lan duzue esku artean?

Alde batetik, Fiskaltzara jo dugu, berriz ere, ofiziozko ikerketak abiarazteko asmoz, heriotza hauek errepikatu ez daitezen eta moduren batean ofizioz esku har dezaten, modu sistematiko batean ikerketa independente bat egon dadin heriotza bakoitzarekin. Hori da berriz ere mahai gainean jarri duguna, eta, horretarako Probintzia Auzitegira jo dugu erreklamazio batekin. Arazoa da heriotza horiek ikertzeko familiek protagonismoa izan behar dutela, beharrezkoa da euren laguntza, eta familia horietako askok, hainbat zirkunstantziagatik, ez dute parte hartu nahi edo ezin dute. Modu horretan oso zaila da ikerketa bat aurrera ateratzea, ia ezinezkoa. Lekukoak eta bestelakoak behar dira aurrera eramateko, baina zaila da, kartzelak ondo lotuta duelako gai hau... Beste alde batetik, babes psikosozialarekin ari gara lanean gogor. Harrigarria da espetxeetan familientzako protokolorik ez egotea; bi, bost edo zazpi urteko zigorrarekin sartu, ateratzear dela hilik agertzen da, eta familiak esku hutsik geratzen dira. Ez dute informaziorik, baina ezta babes psikosozial edo juridikorik ere. Oso larria da, eta horretan lanean jarraitzen dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago