Itziar Ferron

"Sektorea eta zaintzak duindu arte, ez dugu borroka utziko"

Mirian Biteri 2020ko urr. 8a, 07:38

Greba deialdia deitu dute Arabako egoitza pribatuetan urriaren 7rako eta azaroaren 11 eta 25rako; egoera bideratu ezean, mobilizazio gehiago egongo direla iragarri du Itziar Ferronek.

Arabako egoitza pribatu batean lan egiten egon da azken 12 urteotan Itziar Ferron Lopez gasteiztarra. Udan, sektorearen egungo egoerarekin "etsita" geldiunea hartu behar izan du. Baina, "lanean modu aktiboan" ez badago ere, jarraitzen du gatazkarentzako irtenbide bat bilatzen. 

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek hiru eguneko greba deialdia egin dute Arabako adinekoen erresidentzia pribatuetan. Zergatik? 

Dagoeneko 15 hilabete baino gehiago daramatzagu, hamabostean behin, elkarretaratzeak egiten. Udan ezezik, martxoan borroka ere geratu behar izan genuen, pandemia dela eta, lantokietan dena eman ahal izateko; baina, ekainean hasi ginen berriro ere borrokan. Gure asmoa beti izan da pausuoz pauso joatea, lehen egunetik greba deitzea baino. Baina, hilabete hauek guztietan lortu dugun bakarra Diputazioaren eta patronalaren arteko bilerak egitea izan da; hortik aurrera, ezer gutxi. Horregatik, erabaki dugu mobilizazioak gogortzea eta greba deitzea. 

Enpresen eta Aldundiaren pasibotasuna salatu duzue. Zein izan beharko litzateke Diputazioaren papera gatazka honetan?

Diputazioko ordezkariekin izandako bilera batean esan ziguten bitartekariak baino ez zirela izango. Diputazioak, gaur egun, ez ditu egoitza publikoak egiten eta egoiliarrak egoitza pribatuetara bideratzen dira. Baina, adinekoen arreta funtsezko zerbitzua da, eta, beraz, sektoreko lan baldintzak ez dira utzi behar etekinak lortzeko helburu bakarra duten enpresen esku. Diputazioak enpresa pribatuak diru publikoarekin finantzatzen baditu ere, ez da langileen lan baldintzez eta egoiliarren bizi kalitateaz arduratzen. Erantzukizuna du gatazkan.  

Hitzarmen probintziala negoziatzea eskatzen duzue.

Hileroko soldata 997 eurokoa da; eta urtean, 1.792 ordu egiten dugu lan, urteko 365 egunetako 24 orduetan.

Hala da. Guk, hitzarmen estatala dugu; lanaldi osoa dutenen hileroko soldata 997 eurokoa da; eta urtean, 1.792 ordu egiten dugu lan, urteko 365 egunetako 24 orduetan. Horri gehitu behar zaio daukagun lan karga izugarria dela. Gutxienekoetan gaude aspalditik.  

Pandemiak, gainera, ez zuen asko lagunduko...

Noski. Lan karga askoz handiagoa izaten ari da, eta egoiliarren bizi kalitatean izugarrizko eragina ari du izaten. Azken hauek bere logeletan konfinatuta egoten direnean, bazkal orduetan izan ezik, egun osoa ematen dute bakarrik; ez dago giza baliabide nahikorik ezarritako protokoloak aurrera eraman ahal izateko, eta tristeena da Diputazioko ikuskariek badakitela eta ez dutela ezer egin. Egoiliar asko depresioarekin daude, eta dementziak ere ugaritu dira pandemiarekin. Eta guretzako, emozionalki, oso gogorra eta tristea da, gure egoiliarrak direlako. Nire kasuan, hori izan da, hain justu ere, lana uztearen arrazoietako bat. 

Egoiliar asko depresioarekin daude, eta dementziak ere ugaritu dira pandemiarekin.

Giza baliabideak gehiago jarrita horrelako egoerak ekidin daitezke...

Saihestu edo, behintzat, kalitatezko zaintza bat eskainiko genieke. Baina, enpresentzako gastua da, eta ez dute nahi etekinak murriztea. Oso triste eta zaila da, eta ez langileentzako bakarrik, baita familientzako eta bereziki, egoiliarrentzako. Langileak oso nekatuta gaude, eta gatazkara joatea erabaki dugu.

Zeintzuk dira zuen aldarrikapen nagusienak?

Batetik, soldata igoera. Soldata horrekin ezin gara bizi, eta koronabirusarekin agerian geratu da gure lana funtsezkoa dela. Ezin dena da torlojuak egiten dituena zaintza lanetan daudenak baino gehiago kobratzea. Badakigu publikoetan lan egiten dutenen lan baldintzak askoz hobeagoak direla, eta ez dugu eskatzen hasieratik langile horiek dituzten soldatak kobratzea; baina, 1.200 euroko gutxieneko soldatara heldu bitartean, igotzea eskatzen dugu.  

Eta soldata igoeraz gain, zer beste eskaera dituzue?

Urteko ordu kopurua jaistea eta baita jai egunetan edo gauean lan egiten dugun orduak hobeto ordaintzea; esaterako, Eguberrian lan egiteagatik, 36 euro gehiago kobratzen ditugu. Osagarri horiek handitzea eskatzen dugu. Bestetik, bajen kontua ere hobetu beharko litzateke, eta ebaluazio psiko-sozialak egiteko derrigortasuna ere eskatzen dugu. Emozionalki eragiten digun lan bat da, eta enpresak langileen artean azterketak egitera derrigortuta egon beharko lirateke. Eta nola ez, ratioen jaitsiera ere aldarrikatzen dugu, egoiliarrei kalitatezko zaintza eskaini ahal izateko.  

Bestalde, adinekoen egoitzen sektorea nagusiki feminizatuta dagoen sektorea da.

Gure borroka ez da soilik langile borroka bat, borroka feminista bat ere bada.

Bai. Emakumeak gara gehienak; eta horietako asko, gainera, migranteak dira. Horri gehitu behar zaio langile askok ez dutela lanaldi osoa. Gure borroka ez da soilik langile borroka bat, borroka feminista bat ere bada. Beti hartu dira emakumeengan zaintza lanak eta ez da horrela. Gure sektorean gizon bat lan egiten hasten bada, ez du asko irauten, ikusten duelako lana oso gaizki ordainduta dagoela, eta oso sakrifikatua dela. Gure nagusiek uste dute artearekiko maitasunagatik lan egiten dugula; eta guk maitasunarekin egiten dugu lan egoiliarrek merezi dutelako, baina diru kopuru baten truke. Horrez gain, badakigu gure sektorean badaudela langileak beldurtuta daudenak, eta hortaz, ez dituztenak bere eskubideak aldarrikatzen; horrekin lotuta, toki batzuetan ez da ezta hitzarmen estatala ere betetzen. Detaile bat: langile askok, gaur egun, etxean garbitzen dituzte laneko arropak, horrek duen arriskuarekin. Kaleratuak izateko beldurra dute. 

Azarora bitartean, hiru greba egun deitu dituzue orain arte, baina ez duzue mobilizazio gehiago egitea baztertzen, ezta?

Bai. Langileoi gustatuko litzaiguke greba egun batekin nahikoa izatea eta egoera bideratu ahal izatea; hain justu ere, mahaiaren bueltan gurekin esertzea eta zerbait negoziatzen hastea. Baina, irtenbidea bilatu arte, ez dugu borroka utziko. Sektorea eta zaintzak duindu nahi ditugu; ez dugu soldata igoera bat bakarrik eskatzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago