Asteazken honetan, adinekoen egoitzetako langileek urriaren 7an eta azaroaren 11n eta 25ean iragarritako hiru greba egunetako lehena egin dute Araban. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute greba, "hitzarmen duin baten defentsan".
Lanuzteaz gain, langileek eta elkartasunez gerturatutako dozenaka lagunek —tartean, pentsiodunak— giza-katea osatu dute Plaza Berritik Arabako Foru Aldundiaren egoitzaraino, Probintzia plazan. Gainera, 18:30ean manifestazio bat abiatu da Andre Maria Zuriaren plazatik.
Mobilizazioekin, Aldundiari "mezu garbi bat" helarazi nahi izan diote, bere inplikazioa eskatuz: "Foru erakundeak ezin ditu bazterrean utzi ez zerbitzuaren kalitatea, ezta langileen lan baldintzak ere".
Greba eskubidearen urraketa
ELA sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzak, ezarritako gutxieneko zerbitzuekin, "Arabako egoitzetako langileen greba eskubidea %100ean eta larriki urratzen" duela. Izan ere, erizain laguntzaileek, garbitzaileek, erizainek ezta medikuek ere ezingo dute grebarik egin, eta horrek, sindikatuaren arabera, "agerian uzten du sektoreak minimoetan lan egiten duela urte osoan zehar".
Arabako hitzarmena
Arabako egoitza pribatuetako langileek probintzia mailako hitzarmen propio bat negoziatu nahi dute —Espainia mailako hitzarmenaren ordez—, baina "oraindik ere, patronala eratu gabe" dagoela deitoratu dute.
Hitzarmen probintzialaren negoziazio-mahaia irekitzeko eskaeraren berririk ez dutela diote, "nahiz eta dagoeneko 15 hilabete baino gehiago igaro diren diputatuarekin izandako lehen bileratik, eta ia urtebete Arabako egoitza handienekin bilera bat egin zenetik".
Sektoreko langileek mobilizazioak gogortu egin dituzte orain, 2019ko urtarrilean mobilizazioekin hasi zirenetik "mugimendu txikiena ere ez" dutelako ikusi. "Zainketen prekarietatea eta sektorean dauden lan baldintza eskasak" salatu dituzte ordutik, eta mobilizazioak Covid-19aren ondorioz ezarritako alarma egoeraren ondorioz baino ez ziren gelditu; ekainean, mobilizazioei berrekin zieten.
"Errekonozimendurik gabeko funtsezko zeregina"
Adinekoen egoitzen sektorea "nagusiki feminizatuta" dagoen sektorea dela azpimarratu dute langileek, eta pandemiak erakutsi du "funtsezko zeregina dela gizartearentzat, gainerako zaintza-lanak bezala". Hala ere, "behar lukeen errekonozimendurik ez" duela salatu dute, "ezta behar adina baliabiderik ere".