Etxealdi garaian, Mintzalagunen sareari esker, komunitateko kideek interneten bidez harremanetan jarraitu dute. Orain, urrian, ikasturte berriarekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira. Bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira, mintzapraktika egiteko, euskara bizi eta erabiltzeko, eta beste euskaldunekin esperientziak partekatzeko.
Komunitatea sendotzeko lehenengo izen-emate deialdia abiatu da dagoeneko, urriko kanpainarekin; urtarrilean, gainera, izena emateko bigarren aukera egongo da. "Etengabe ehuntzen doan sarearen parte izateko aukera paregabea duzue eskura. Mintzalagunak euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena".
Izena emateko informazioa, herriko euskara elkartean, euskaltegian, udalean edota Euskaltzaleen Topagunearen webgunean topatu daiteke. Guztira, 21 herri eta eskualdek hartu dute parte kanpaina honetan, baina Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzeko deia Euskal Herri osora hedatu nahi dute.
Mintzalaguna
Euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak —bidelagunak— euskaraz egin nahi duten pertsonekin —bidelariak— euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da Mintzalaguna. Bospasei laguneko talde txikiak egiten dira, eta, astean behin, ordubetez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean...
Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.